AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Burgesiaren eta langileriaren artean dagoen amildegia geroz eta handiagoa da, klase arteko ezberdintasun ekonomikoa geroz eta nabariagoa baita. Gaur-gaurkoz, biztanleriaren % 1 munduko aberastasunaren % 63ren jabea da. Baina aipatutako amildegi horrek auzi ekonomikoa gainditzen du. Izan ere, geroz eta aginte gaitasun handiagoa du burgesiak produkzio zein erreprodukzioan: manipulazio mediatikorako gaitasun handiagoa du, interbentzio ideologikorako, errepresiorako edota kontrol mekanismoak ezartzeko gaitasuna... Boterea, jakintza eta bitartekoak gutxi batzuen eskuetan daude. Finean, beren interesak gailentzeko eta inpunitatez gauzatzeko gaitasuna handituz doa. Indar korrelazioa kontran datorkigu, eta, gainera, desartikulatuta dago nazioartean langileria askatu dezakeen proiektu historikoa, komunismoa. 

Egoera horren aurrean, azken hilabete honetan, Gazte Koordinadora Sozialistak Iruñeko eta Bilboko kaleetara ateratzeko deia zabaldu du lau haizetara. Klase ofentsibaren nolakotasunaren analisi gaurkotu bat plazaratu du, bizitzen ari garen testuinguruaren kritika zorrotza. Langileriak bere burua kapital dinamikarekiko kontrakotasunean eta horien interesetik kanpo antolatzeko dugun beharra azpimarratu dute, eta, baita ere, bizi dugun egoera hau iraultzeko beharra eta borondatea. Hilabete luzez, kaleetan lan politikoa egiten aritu dira ehundaka militante; propaganda lanak estadioetan, kaleetan, geltokietan… Era berean, lan ideologikoa egiteko prestutasuna erakutsi dute: azalpenak emateko, eztabaidatzeko… Argi dago mobilizazio bakar bat ez dela baldintza nahikoa, baina bai beharrezko baldintza. Sozialismoaren eraikuntzak dakarren prozesu luze batek momentu desberdinak batzen ditu, eta honakoa hasieran eman beharreko pauso bat da bide-orri luze batean. Indarrak batu eta subjektu sozialista eratzen hasteko bitarteko bat.

Dena galduta dagoela dirudien honetan, loratzen ari dira masa-politika komunistarako baldintzak Euskal Herrian. Euskal Herritik kanpo han-hemenka ere bai. Gazte belaunaldi batek inguruan nagusi den ideologia erreakzionarioekin hautsi du, proposamen sozialdemokratak albo batera utzi ditu eta proletariotzaren antolakuntza-potentzia kualitatiboki eta kuantitatiboki hobetzeko hautua egin du. Masa komunikabideen isiltasunaren gainetik Euskal Herri osoan zehar zabalduz doa gazteak borrokara batzearen proposamen deia. Larunbatean Iruñeko eta Bilboko kaleetan ikusiko dugu elkar.