Arepas, Las de Kardo eta Iruinyard kolektibo artistikoekin batera antolatu dute jaialdi bat Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Kontseilu Sozialistak, zentsuraren aurka. Izan ere, iazko sanferminetan etxegabetzeen kontrako jota bat kantatzeagatik, Iruñeko Udalak 1.800 euroko isunak jarri dizkie sindikatuko hiru kideri eta GEDAR LANGILE KAZETAko kazetari bati, eta adierazpen-askatasunaren aurkako zigor horri erantzunez egingo dute jaialdia aipatutako kolektiboek.
Maiatzaren 23an izango da JOTA-ke izeneko ekimena, Sanduzelaiko zubian. Egitarauaren berri eman dute jada; 10:00etan ekingo diete muntatze-lanei eta 11:00etan hasiko da jaialdia. Jarduera ugari izango dira egun osoan zehar: arte-erakusketa bat, bigarren eskuko azoka, mural kolektibo bat, haurrentzako txoko bat... Nabarra Soundek girotuko du eguna, eta 12:00etan, gainera, skate-ikuskizun bat ere izango da bertan.
Arratsaldean, 15:30etatik aurrera, mikro irekia jarriko dute martxan, hura hartu nahi duen edonork har dezan. 17:00etan kontzertua eskainiko du Daviti Culebrasek, eta 17:30etik 23:00etara bitartean, Iruinyard Sound System eta lagunak arituko dira musika jartzen.
