AKTUALITATEA / Industria musikala
ETS taldeari 300.000 euro emango dizkio Jaurlaritzak, "euskara sustatzeagatik"
"ETSrena bezalako adibideek argi erakusten dute industria kultural kapitalistak zer proposatzen duen, alegia, zein den euskal 'mainstream' berriaren eredua: monopolio ekonomikoa, instituzio kapitalisten zuritzea, autogestioan oinarritutako ereduen desplazamendua eta despolitizazioa", salatu du Aurka kolektiboak.
2026eko apirilaren 23 - 07:51
ETS taldeari 300.000 euro emango dizkio Jaurlaritzak, "euskara sustatzeagatik"
— ARGAZKIA Irekia

Eusko Jaurlaritzaren partetik dirutza jasoko du En Tol Sarmiento (ETS) musika-taldeak, apirilean zehar Bartzelonan eta Madrilen eskainiko duen Bihotzen Konkista emanaldia finantzatzeko. Gobernu Kontseiluak joan den asteartean onartu zuen neurria behin betiko: 300.000 euro emango dizkio ETSri, argudiatuta "euskal kulturaren baloreak eta euskararen berezitasuna Euskaditik kanpo proiektatuko" dituela. 

Bartzelonako emanaldia apirilaren 11n izan zen jada, Palau San Jordin, eta larunbat honetan izango da Madrilgo makrokontzertua, Movistar Arenan. Martxoaren amaieran, ETSren entsegu batean izan ziren Jaurlaritzako zenbait ordezkari, tartean Imanol Pradales lehendakaria eta Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea, eta horren ostean argitaratu zuten musika-taldearen "formatu handiko proposamena" diruz hornituko duela EAEko gobernuak. Musika-taldeko aurpegirik ezagunena, Iñigo Etxezarreta, argazkietan ageri zen politikari jeltzaleekin.

"Bihotzen Konkista proiektuak milaka lagun bilduko ditu bi hirietan, eta euskara ardatz duen esperientzia kultural integrala izango da; musika eta bestelako diziplina artistikoak uztartuz, Euskadi kultura aldetik dinamikoa, irekia eta anitza den lurralde gisa proiektatzen lagunduko du", azaltzen zen Jaurlaritzaren web-orri ofizialean: "Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak berresten du euskararen sustapenarekin, sormenaren bultzadarekin eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioarekin duen konpromisoa".

Aurka kolektiboaren kritika: 'euskal mainstream'-a

ETS-ren Bihotzen Konkista ikuskizunaren harira, "erradiografia" bat egin zuen Aurka kolektiboak bere sare sozialetan, "euskal mainstream-a" aztertuz. "Argi dago: Euskal Herrian izugarri aldatu da musika panorama azken hamarkadan. Proiektu politiko askatzaile bati loturik zegoen eredua agortu eta kultur eredu kapitalistak azkar hedatu ditu bere aparatuak", seinalatu zuen abiapuntu modura. "Hedabide, enpresa, instituzio eta fundazioen arteko aliantza berritu batek euskal mainstream gisa izendatu dezakegun zirkuitu bat sortzea ahalbidetu du, zeinak euskara eta 'euskal kultura' sustatzearen izenean gutxi batzuen irabazi ekonomiko eta politikoak bilatzen dituen", salatu zuen. ETSren azken ekimena horren adibidetzat jo zuen..

Lehenik eta behin, "makrojaialdi kapitalisten" eredua kritikatu zuen kolektiboak: "Askotariko aldarrikapenei loturiko jaialdi ereduak ezagun ditugu Euskal Herrian. Indar militantez, musikarien konpromisoz eta helburu politikoekin aurrera eraman izan diren ekimen garrantzitsuak. Horren aurrean guztiz bestelako eredu bat hedatu da azken aldian. Instituzio kapitalisten inbertsioz aurrera eramaten diren ekimen erraldoiak, nazioarteko merkatuan lehiatu nahi direnak, eta musika industriaren bueltako enpresen irabaziak areagotzea helburu dutenak". ETSren emanaldiaren kasuan, hainbat konpainia aberastuko direla salatu zuen, hala nola Petronor, EITB, Last Tour, Laboral Kutxa edo Baga Biga.

Horrekin batera, euskal mainstream-aren beste ezaugarri bat despolitizazioa dela ohartarazi zuen Aurkak: "Industria kultural kapitalistaren aginduak betez, gai eta posizio hartze politikoak sistematikoki baztertzen dira kantu, elkarrizketa edo emanaldietan". Hori "gozamenaren izenean" egiten dela eta Euskal Herrian "ETS isiltasun horren adibide muturrekoenetarikoa" dela azaldu zuen. "Itxurazko neutraltasun politiko hori bikain datorkie burgesiari eta bere zerbitzurako politikari profesionalei", gaineratu zuen. Gainera, gogorarazi zuen honakoa ez dela lehen aldia "industria kulturalak 'jai herrikoien' edo 'euskal kulturaren' erretorika bere interesen alde darabilela", baina dinamika "muturrera" eraman dutela ETSren eskutik: "Historikoki iniziatiba politikoekin loturik egon den jai ereduaren [...] elementu batzuk edukiz hustu eta merkatuan txertatzen ditu esperientzia paregabe baten promesaz".

Aurka kolektiboak galdera bat egiten zuen, hala: "Nork konkistatu du zer?". Eta sakondu zuen: "ETSrena bezalako adibideek argi erakusten dute industria kultural kapitalistak zer proposatzen duen, alegia, zein den euskal mainstream berriaren eredua: monopolio ekonomikoa, instituzio kapitalisten zuritzea, autogestioan oinarritutako ereduen desplazamendua eta despolitizazioa. Bestelako eredu bat sustatu nahi dugunontzat, eztabaida eta antolakuntza ezinbestekoak izango dira".