AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/09 13:34

Zisjordania eta Jordania bereizten dituen mugan izan dira gertakariak, Hussein Erregearen Zubia deiturikoan hain zuzen ere. Duela bi egun, irailaren 8an, Jordaniako kamioilari batek muga gurutzatzea eta arma bat sartzea lortu zuen. Mugako poliziak konturatu gabe, kamioiak deskargatzeko gunean zegoela, kolono sionisten kontra tiro egin eta horietatik hiru hil zituen garraiolariak.

Indar sionistek segituan hil zuten 39 urteko jordaniarra. Horretaz gain, erantzun modura, Jordaniako garraiolari guztiak atxilotu zituzten. Jordaniako Kanpo ministroaren arabera, "ekintza indibiduala" izan zen kolonoen hilketa.

Sionistek, gainera, Jordania eta Zisjordania arteko muga zeharkatzeko hiru pasabideak itxi zituzten. Zisjordaniako Jeriko hiria ere zarratu zuten polizia-lerro baten bidez, Hussein Erregearen Zubitik gertu dagoela argudiatuta.

Siriari eraso dio berriz estatu sionistak

Israelgo Estatu genozidak, bestalde, Siriari eraso egiten jarraitzen du. Aurrez, ez da egon erasorik Siriaren partetik. Bertan, sionistek dozenaka pertsona erail dituzte jadanik, eta beste hainbat zauritu. Hama probintzia inguruan, esaterako, hamalau siriar hil eta gutxienez 43 zauritu zituzten duela bi egun, "Irango miliziek eta adituek" bertan "armak garatzen" dituztela aitzakiatzat hartuta.

Atzo, berriz, Damasco, Tartus eta Homs hiriak bonbardatu zituzten sionistek. Hainbat iturriren arabera, azken urteetan bertan izan den erasorik gogorrena da. Aldi berean, Libano eta Palestina bonbardatzen jarraitzen dute genozidek.

EZ DAGO IRUZKINIK