AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Danbolin
2023/03/06 09:46

Huste arriskuan segitzen du Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxe berriak, Gazte Asanbladak aurreko astean azaldu zuen modura. Zentroko lokalaren birjabetzearen kontrako salaketa bat aurkeztu du legezko jabeak, Elizak, eta, beraz, berehalakoa izan daiteke asanbladako kideen kanporatzea eta Gaztetxearen hustea. Proiektu berriari babesa eman diote Zestoa inguruko hainbat Langile Kontrolpeko Espaziok eta eragilek, eta elkartasun egitarau bat antolatu zuten joan den larunbaterako.

Larunbat goizean elkartu ziren Gaztetxean Zestoako nahiz inguruko herrietako hainbat eta hainbat gazte, espazioa egokitzeko lanetan aritzeko eta elkarrekin bazkaltzeko. Iluntzean, berriz, mobilizazio bat egin zuten Zestoako plazatik abiatuta, Gaztetxea zentrora, soluzioa orain lelopean. 200 lagunetik gora mobilizatu ziren, Gaztetxe berria babesteko.

Epe luzerako bermerik ez

Manifestazioaren amaieran, Gaztetxea tokiz aldatzeko beharrari azpimarra egin zioten berriz Zestoako Gazte Asanbladako kideek, orain arte proiektua kokatu den lekuak (Kultur Etxeko goiko solairua) dituen mugez ohartarazita. Toki horren irisgarritasun falta, espazio falta edota intsonorizazio falta nabarmendu zituzten. Gogorarazi zuten, gainera, Zestoan ez dagoela "epe luzera Gaztetxerik bermatuta", "herriko alderdi politikoek Kultur Etxerako dituzten etorkizunerako proiektuetan" ez baita Gaztetxea han "inondik inora kokatzen".

Beraz, azken urteetan asanbladatik "lan handia" egin dutela azaldu zuten gazteek, espazio egoki bat lortzeko eta Gaztetxea lekualdatzeko. "Bitarte horretan, Elizak eta udal gobernuak oztopoak besterik ez dizkigute jarri", salatu zuten, ordea. Horren adibide modura aipatu zituzten "negoziaketa aurrera eramateko hiruko mahaia osatzeko urteak pasatu beharra eta [tokialdaketarako] proiektua aurkeztu genuen momentutik [Elizak eta udalak] interes gutxi jarri izana". "Jarrera pasibo horren ondorioz, negoziaketak aurrera eramateko eta behin betiko soluzio bat lortzeko pausoren bat ematera behartuta ikusi ginen; zehazki, zentroa birjabetzea", esan zuen asanbladak.

Azken asteetako lana eta berriak

"Zentroko lokalean sartu ginenean, eraikina oso egoera txarrean aurkitu genuen, eta beraz, lehenengo momentutik hura egokitzeko lanetan hasi ginen", jakinarazi zuten larunbatean asanbladako kideek. "Hala ere, lehenik eta behin espazioa bermatu behar genuela ikusi genuen, eta Elizarekin zein udal gobernuarekin [EH Bildu] harremanetan jarri ginen", zioten. "Alkateak hitz politak eta Gaztetxe berria bermatzeko bere konpromisoa adierazi zizkigun arren, gotzaindegiarekin berehala harremanetan jarri ez zenez, hark harremana moztu eta negoziaketak blokeatu zituen", zehaztu zuen Gazte Asanbladak.

Elizaren, udalaren eta alderdien jarrera

Hortaz, Elizaren nahiz udalaren jarrera seinalatu zuen: "Batetik, gotzaindegiaren erantzun bakarra bide judiziala hartzea eta, horrenbeste predikatzen duen bakearen ordez, biolentzia polizialaren bidez lokalaren desalojoa eskatzea izan delako. Eta bestetik, udal gobernuak, Elizaren blokeoaren atzean jarrera pasiboa erakutsiz eta asanbladari gero eta jaramon gutxiago eginez, egoeraren blokeoa betikotu duelako".

Dena den, EH Bilduren nahiz EAJren jarrera salatu zuen asanbladak: "Herrian Gaztetxearekin dagoen arazoaren aurrean, ez ikusiarena egin eta horren gaineko jarrera publikorik agertu gabe, hauteskundeei begira soilik jarraitzen dute".

Huste arriskua, bere horretan

Gazte Asanbladak oroitarazi zuen Ertzaintzak sei gazte identifikatu dituela Gaztetxe berrian, "indarkeria polizial bortitza" tarteko, eta "prozesu judizial bat ireki" denez, zentroko lokaletik kanporatuak izateko arriskuan jarraitzen dutela. "Zestoako Gazte Asanbladatik, udal gobernuari zein Elizari egoera desblokeatzeko eta Gaztetxearen auziari soluzioa orain emateko deia egiten diegu, biak baitira arazoaren erantzule", gaineratu zuen. Asanbladako kideek adierazi zuten ez dutela "amore emango Zestoari merezi duen Gaztetxea eman arte".

EZ DAGO IRUZKINIK