AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EH Bildu
2025/02/17 12:12

EH Bilduk beste alderdi batzuekin batera aurkeztu nahi du Espainiako eta Europako hauteskundeetara, hala nola, euskal burgesiaren ordezkari nagusia den EAJrekin, Podemosekin eta Sumarrekin. Hiru alderdiek dagoeneko esan diote ezetz EH Bilduri, baina proposamenari eusten jarraitzen du Arnaldo Otegi buru duen alderdiak: Pello Otxandiano bozeramaileak zerrenda bateratuen proposamena defendatu du berriki, Radio Euskadiri egindako adierazpenetan.

"Guk proposamena egin dugu ikuspegi estrategiko batekin, eta kongresuan onartu genuen modu formalean. Beraz, datozen hilabeteetan eta urteetan proposamen hau mahai gainean jarriko dugu", azaldu du Otxandianok: "Konbentzituta gaude, datozen garaietan, behartuta egongo garela gure herri-gaitasun guztia aktibatzera gure burujabetzaren defentsan. Garai zailak datoz, edo garai zailak bizitzen ari gara, eta inportantea izango da batura. Zatiketaren aurrean, guk baturaren alde egingo dugu beti".

EH Bilduko eledunak gaineratu du "herrialdearentzat ona" izango litzatekeela "estatuko instituzioetan eta Europakoetan herrialde gisa aurkeztea". "Hori egingo bagenu, estatuan eragiteko gure gaitasuna askoz ere handiagoa izango litzateke", dio. Gaineratu du proposamen hori "ezker subiranistaren DNAn geratuko" dela eta ez dela "proposamen taktiko eta taktizista" bat: "Geratzeko etorri den proposamen bat da". Eta, bestalde, Otxandianok berretsi du ez dagoela "inolako eragozpenik gai izan gaitezen EAJren eta EH Bilduren artean, baita ezker konfederalaren espazioan ere, gutxieneko kontsentsuetara iristeko", helburu batekin: "Herrialde hau ordezkatzea estatu edo Europa mailako instituzioetan eta eskubide nazionalak modu komunean defendatzea".

Horri guztiari lotuta, EH Bilduk politikaz duen ulerkera ere atera du mahaira Otxandianok: "Uste dugu politika dela lehiarako espazioak definitzea [...], baina baita lankidetza gailendu behar den espazioak definitzea ere". Emaitza modura hauteskunde-zerrenda bateratuak izango lituzkeen proposamena justifikatzeko, EH Bilduren eledunak aitzakitzat hartu ditu "estatuaren inboluzio-prozesua" eta "eskuin muturraren gorakada"; izan ere, aditzera eman du horren guztiaren aurka lehentasuna dela "askatasun nazionalak defendatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK