AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/11 10:54

Iruñerrian ere izango da Zentro Sozialista bat aurrerantzean: Errotxapea auzoan dago, Urzainki kaleko 21. zenbakian. Iruñerriko Kontseilu Sozialistak gaur eman du espazioaren irekieraren berri, eta ostiral honetan aurkeztuko du jendaurrean, arratsaldeko 19:00etan. "Bizi-baldintzen okertzeari aurre egiteko eta proletalgoaren antolakuntza independentea sustatzeko" eskuratu du espazioa.

Beste Zentro Sozialista bat duela bi urte

Iruñerriko Kontseilu Sozialistak 2022ko apirilean ireki zuen beste Zentro Sozialista bat, Arrosadia auzoan. "Mugimendu Sozialistaren erreferentziazko adierazpena" izan zedin birjabetu zuen, "lan politikoa egiteko Langile Kontrolpeko Espazio eta azpiegiturak" beharrezkotzat jota. Iruñeko Udaltzaingoak, ordea, espazioa hustu zuen apirilaren 19an.

Hasieratik izan zen presentzia polizial handia Zentro Sozialista inguruan: Kontseilu Sozialistak salatu zuen etengabea izan zela kontrola eta poliziek eraikinerako sarbidea itxi zutela, desalojorako agindu judizialik gabe eta eraikinaren jabe legalek salaketarik aurkeztu gabe. Praktika "mafioso" horren bidez Zentro Sozialistako "jardueraren normalizazioa oztopatu" zuten udaltzainek, desokupazio-enpresak imitatuz.

Hala ere, halako espazioen beharra azpimarratu zuen Kontseilu Sozialistak. Proletalgoa "politika egiteko aukeratik baztertuta" dagoela seinalatu zuen, eta "politika gisa aitortua den jardun bakarra Kapitalaren eskuineko zein ezkerreko alderdiena" dela. Horren aurka, Zentro Sozialisten "eginkizuna are garrantzitsuagoa da, gizarte kapitalistaren basakeriari aurre egiteko baldintzak alderdi eta sindikatuetatik haraindiko antolakuntza komunistak bakarrik jar ditzakeela agerian geratu den testuinguru honetan", aldarrikatu zuenez.

EZ DAGO IRUZKINIK