AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Actu.fr
2023/03/13 10:33

Frantziako Estatuan ez dute etenik erretretaren erreformaren aurkako mobilizazioek, baina bere horretan jarraitzen du gobernuak: neurri berriak Senatuan izapidetzen segitu du, eta larunbat gauean onartu zuen lege proiektua. Egun berdinean, larunbatean, erreformari ezetz esateko protesta jendetsuak egin zituzten berriz estatu osoan zehar. Zazpigarren mobilizazio eguna izan zen urtea hasi zenetik, eta bigarrena aurreko astean; asteartea ere erabateko greba eguna izan zen.

Larunbaterako 200 mobilizazio inguru zeuden antolatuta, eta gobernuak esku artean duen erreforma atzera bota dezala exijitu zuten beste behin ehunka milaka lagunek. Asteazken honetarako ere deitu dute mobilizaziora sindikatuek, eta greba mugagabe baterako aukera ere atera dute mahaira azkenaldian. Hainbat sektoretan, hain zuzen ere, greba mugagabera jo dute jada langileek; findegietan, tren eta metro zerbitzuetan, eta abar.

Senatuan, prest

Protestei entzungor egiten jarraitzen du Emmanuel Macronek gidatutako gobernuak, eta aurrera doaz pentsio erreforma martxan jartzeko izapideak. Senatuak aurreko asteazkenean onartu zuen erreformak barne hartzen duen 7. artikulua, polemikoena izan dena: bizitza laborala luzatzea eta erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzea. Esan modura, larunbat gauerako onartu zuen neurri sorta guztia.

Macronek gogorarazi du hauteskunde-kanpainan hitzemandako esku-hartze gakoetako bat dela erreforma (hasieran erretiro-adina 65 urtera atzeratzea zen asmoa), eta azpimarratu du "frantsesek zertxobait gehiago lan egitea" erabaki behar izan duela, beste aukera batzuk baztertzeko; hala nola, "pentsioak murriztea, zergak igotzea edo gure seme-alabek eta bilobek karga finantzarioa euren gain eramatea baimentzea". Erreformak, dena den, gaitzespen zabala eragin du biztanleengan: inkesten arabera, %68k adierazi dute ez dituztela neurri berriak babesten.

Pentsio sistemaren "oreka finantzarioa" bilatu nahi omen du gobernuak, eta Senatuan gauzatu dituzte jada erreformari bide egiteko izapideak. Batzorde mistoaren (zazpina diputatuk eta senatarik osatzen dute) esku geratuko da orain lege proiektuaren testua, eta berrikusi egingo dute han. Gero, haiek adostutako bertsioaren gainean egingo da behin betiko bozketa bi ganberetan, ostegunetik aurrera. Martxoaren 26a da neurri berriak onartzeko azken eguna.

Mekanismo autoritarioak eta tramitazioaren bizkortzea

Gobernuak ostiralean jakinarazi zuen beste mekanismo autoritario batera joko zuela erreforma aurrera ateratzeko. Oposizioak aurkeztu dituen ehunka emendakinak zuzenean blokeatzeko, konstituzioko 44. artikuluaren 3. atalaz baliatu da Senatuan, eta prozedura azkar bati heldu dio. Modu horretan, gobernuak erabaki du proposatu diren emendakin eta aldaketetatik zeintzuk onartzen ziren eta zeintzuk ez, eta horren arabera osatu du azken testua. Oposizioak eskatutako aldaketak, beraz, eztabaidarik gabe baztertu ditu zuzenean.

Asanblea Nazionalean egitekoa den azken bozketan gehiengoa lortzen ez badu ere, beste mekanismo autoritario bat erabiltzeko aukera izango du gobernuak: konstituzioko 49.3 artikulua. Horrekin, bozketarik gabe testu bat onartzeko aukera dauka gobernuak.

EZ DAGO IRUZKINIK