AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2023/03/07 09:54

Gaurkoa ere protesta eguna da Frantziako Estatuan: Emmanuel Macronen gobernuak ezarri nahi duen erretretaren erreformaren kontra jo dute grebara, seigarrenez urtarriletik. Oraingoan ere greba deialdiak erantzun zabala izatea espero dute sindikatuek; hala nola, hezkuntzan (eskolak, kolegioak, lizeoak nahiz jantokien moduko zerbitzuak ixteko deia egin dute sektoreko zazpi sindikatuek), energian (ostiraletik daude greban energiaren sektorean) nahiz garraio publikoan (bertan behera geratu dira hamaika tren, metro eta hegazkin zerbitzu). 300 manifestaziotik gora izango dira gaurkoan, tartean, Baionan (Lapurdi) goizean eta Donapaleun (Nafarroa Beherea) iluntzean.

Garraiolariek, dena den, atzo ekin zieten errepide mozketei. Ruane zein Lille hirietarako sarbideak itxi zituzten. Gaur ere blokeatu dituzte hainbat bide lekuan lekuko langileek nahiz unibertsitateko ikasleek; Nantesen, bestalde, aireporturako sarrera ere itxi dute gaur goizean. Han dira garraiolari enpresa asko eta asko.

Oraingoan, gainera, sindikatuek mahaira atera dute greba mugagabera deitzeko aukera. Badirudi zenbait sektoretan datozen egunetan egingo dituztela deialdi hori babestu edo ez erabakitzeko bilkurak.

Erreformaren izapideak, aurrera

Bitartean, erretretaren erreformarekin aurrera doa Frantziako Gobernua. Gaur-gaurkoz, Senatuan ari da neurri berriak lantzen eta izapidetzen. Erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera atzeratu nahi du gobernuak, modu progresiboan. Gainera, areagotu egin nahi du erretiro osoa hartu ahal izateko kotizazio-denbora.

Inflazioaren kontrako neurriak, greba egunaren atarian

Atzo, gaurko greba egunaren atarian, gobernuak akordio bat itxi zuen estatuko banatzaile-kate nagusiekin. "Inflazioaren kontrako saski bat" sortuko dutela dirudi, oinarrizko zenbait produkturen prezioak "ahalik eta preziorik baxuenean" saltzeko. Hala ere, xehatu dutenez, kate bakoitzak aukera izango du eskainiko duen erosketa-saski hori nahiz produktu bakoitzaren prezioak zehazteko.

EZ DAGO IRUZKINIK