Aurreko astean, 47 urteko gizon batek 53 urteko andre bat erail zuen Zarautzen (Gipuzkoa). Ostegunean atera zen argitara hilketa, gizonezkoa atxilotu zutenean. Erailketa matxista salatzeko, hala, mobilizazio ugari izan dira azken egunetan Euskal Herrian; besteak beste, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak antolatutakoak.
Zarautzen, herriko beste kolektibo batzuekin batera egin zuen manifestazio bat Itaiak ostiral arratsaldean, Erailketa matxistarik ez! lelopean. Urola Kosta bailaran bertan, Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa) nahiz Zestoan (Gipuzkoa) izan ziren Itaiaren protestak; eta, horrez gain, Tolosan (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Legazpin (Gipuzkoa), Altsasun (Nafarroa), Iruñean (Nafarroa) zein Gernikan (Bizkaia) mobilizatu zen Emakumeon Antolakunde Sozialista.
Indarkeria matxistari aurre egitera deitu zuen mobilizazioetan, baita tokian toki borroka horretara batzera ere: "Indarkeria matxistaren aurkako borroka indartu behar dugu".