AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/12 10:07

Denbora luzez borroka egin ostean, lortu du Asier Guridi iheslari politikoak: nortasun zedula bat izango du Venezuelan. Oñatiarrak hamar urte inguru daramatza herrigabe egoeran, nortasun agiririk gabe eta, beraz, hamaika eskubide zibiletatik erabat salbuetsita. Azken urteetan protesta ugari egin ditu Venezuelako autoritateei exijitzeko nortasun juridikoa aitor diezaiotela; gose grebak egin ditu, eta, azkena, ehundik gora egunez egon da protestan Migrazio eta Atzerritartasun Administrazio Zerbitzuaren (SAIME) aurrean.

Guridik atzo jakinarazi zuen berehala bertaratzera deitu zuela SAIMEren Atzerritartasun Zuzendaritzak, azalpenik gabe. Gero eman zuen berria: azkenean, oñatiarrak nortasun zedula bat izateko tramiteei ekin die SAIMEk.

Duela urtebete, hain zuzen, gose greban zegoen Guridi, bere nortasun juridikoa aitor ziezaiotela eskatzeko. Martxoaren 29an hasi zuen greba, eta 36 egun luzez izan zen borrokan.

Guridik 2001ean egin behar izan zuen ihes Euskal Herritik, pairatzen ari zen jazarpen politikoa zela-eta. Lehenago, bost urtez izan zuten preso, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta; hainbat sabotaje ekintzatan parte hartzea leporatu zioten. Poliziak egindako torturak salatu zituen oñatiarrak bere atxiloaldian. 2005etik bizi da Venezuelan, eta han ere izan da gatibu bi hilabetez: 2013an atxilotu zuen Interpolek. "Nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe" egon da ordutik; nortasun juridikorik gabe eta, beraz, herrigabe eta heriotza zibil egoeran.

EZ DAGO IRUZKINIK