AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / tugster:
2024/11/08 11:17

Espainiako Gobernuaren aginduz, maiatzaren 16tik, debekatuta dago Israelgo Estatura doazen eta armak daramatzaten itsasontziak Espainiako Estatuko portuetan eskala egitea. Teorian, behintzat. Debeku hori, baina, ez da ari inola ere betetzen: maiatza eta iraila artean bakarrik, sionistentzako armak garraiatzen zituzten 25 itsasontzi igaro ziren Algecirasko portutik. Osotara 1.185 arma bidalketa izan dira handik: 203 plaka blindatu, 57 ibilgailu blindatu, ibilgailuentzako eta aireontzientzako piezak, jaurtigailuak eta abar zeramatzaten itsasontziek.

Alejandro Pozo ikertzaileak elDiario.es-en jakinarazi duenez, Algecirastik ez ezik, Valentziatik eta Bartzelonatik ere igarotzen dira halako ontziak. Ibilbide horiek erakusten dituzte, besteak beste, ImportGenius, Census, ImportInfo eta Lighthouse datu-baseek, eta Pozok ondorioztatu du Israelgo Estatuarentzako material militarra Espainiako Estatuko portuetatik igarotzea ez dela "salbuespena", "araua" baizik.

Kritikatu duenez, gainera, datu-base horiek eskuragarri ditu Espainiako Gobernuak: 184 euro ordainduz gero, edonork izan dezake sarbidea. Dena den, ezikusiarena egiten ari da gobernua, eta harrokeriaz egindako aldarrien kontra, ez du ekidin Israelgo Estatura armak eta bestelako material militarra iristea.

ZIM ontzi-enpresa sionista, Espainiako Estatuko portuen ohiko erabiltzailea

ZIM Container Atlantic ontzi-enpresa, adibidez, Israelgo Estatuko hiru portu garrantzitsuenetatik igarotzen da, bai eta Espainiako Estatuko zein AEBetako portuetatik ere. Enpresaren web-orriak berak erakusten du ibilbidea: "Alexandria-Mersin-Ashdod-Haifa-Izmir-Piraeus-Genoa-Bartzelona-Valentzia-Halifax-New York-Norfolk-Savannah-Valentzia-Bartzelona-Alexandria". AEBetatik pasatzen den ontzia sionisten portuetara joaten da (Haifa eta Ashdod), hortaz, Valentziatik eta Bartzelonatik igaro ondoren. Haifa da Israelgo Estatuaren portu nagusia, eta Ashdod bigarrena. Gazako Zerrendatik 30 kilometrora dago.

Pozoren esanetan, enpresa horren lau itsasontzik egin dute ibilbide hori azken urtean: ZIM Eagle izeneko zamaontziak lau aldiz egin du eskala Bartzelonan. Uztailaren 2an New Yorketik ateratako bidalketa batzuk zeramatzan ontziak, eta "GOI/MOD" bereizgarria irakur zitekeen bertan: "Government of Israel/Ministry of Defense" laburbilduta, alegia. 263 tona plaka blindatu eraman zituen Ashdodeko portu sionistara.

ZIM Asia eta ZIM China zamaontziak ere Bartzelonako eta Valentziako portuetatik igaro dira azken urtean, 11 eta hamar aldiz, hurrenez hurren. Antza denez, ZIM Asiak gutxienez hiru ibilbidetan zeramatzan Haifa edo Ashdoden deskargatu beharreko materialak, "GOI/MOD" bereizgarriarekin. Bidalketa horiek, besteak beste, Mercedes Sprinter anbulantziak, Kenworth kamioiak, botak, altzairuzko blindatze-plakak eta "zehaztu gabeko" materialak barne hartzen zituzten.

ZIM China zamaontziari dagokionez, hamar porturatzeetan zeraman "GOI/MOD" materiala, eta Bartzelonan eta Valentzian egin izan du eskala. Bidalketa horien artean, 8710 kategoriako bidalketak (tankeak eta gerra ibilgailuak) eta Namer edota Kenworth ibilgailuak aurkitu zitezkeen.

Bestalde, ZIM Virginia ontzia hamabi aldiz izan da Valentziako eta Bartzelonako portuetan. Family of Medium Tactical Vehicles ibilgailu militarrak Savannahn kargatu ostean, Haifa portu sionista izan du helmuga.

EZ DAGO IRUZKINIK