Skip to Content
AKTUALITATEA / Lurraren defentsa

Subflubialaren makroproiektua salatzeko, Leioako Artaza parkeko zuhaitz batean da ekintzaile bat duela 25 egunetik

Iragan urriaren 24an, makroproiektua eten dezatela eskatzeko manifestazio jendetsua egin zuen Subflubiala Ez plataformak. Harrezkeroztik dago aktibista suntsitu nahi duten "birika berde" horretan, eta makroproiektua bertan behera gelditu artean, bertatik alde egingo ez duela adierazi du 'Maputxe' ekintzaileak.
2026eko azaroaren 19 - 13:40
Subflubialaren makroproiektua salatzeko, Leioako Artaza parkeko zuhaitz batean da ekintzaile bat duela 25 egunetik

AKTUALITATEA

Duela hiru aste eta erdi, iragan urriaren 24an, manifestazioa egin zuen Subflubiala Ez plataformak Leioan (Bizkaia), Bilboko itsasadarraren Ezkerraldea eta Eskuinaldea lotzeko makroproiektu horren albo-kalteak seinalatzeko eta eten dadila galdegiteko. Mobilizazioa jendetsua izan zen oso, eta amaieran, herriko Artaza parkeko zuhaitz batera igo zen Maputxe ekintzaile ekologista. Berdegune hori, hain zuzen, Leioa eta Getxo (Bizkaia) arteko azken "birika berdea" da, eta subflubiala eraikitzeak berau suntsitzea lekarke.


Harrezkeroztik, ez da zuhaitzetik jaitsi, eta bertatik mugituko ez dela adierazi du ekintzaileak, zer eta makroproiektua bertan behera gelditu artean. Haatik, joan den astea bereziki gogorra izan zela esan dute plataformako kideek, oztopo nabarietatik harago: izan ere, euri zaparradek Maputxeren babeslekua eta arropak blaitu dituzte. Dena dela, auzotarren eta plataformako kideen laguntza nabarmendu nahi izan dute, horrela lortu baitu aktibistak arropak lehortzea eta babeslekua zertxobait hobeto atontzea.


Urte luzez salatu ditu Subflubiala Ez plataformak makroproiektuaren ondorio kaltegarriak, eta berriro ere gogora ekarri ditu: "Azpiegiturak egunero 11.000 auto gehiago injektatuko lituzke errepideetara, kutsadura eta larrialdi klimatikoa areagotuz. Gainera proiektuak Artaza parkea suntsitzea ekarriko luke eta Ballonti ibaiaren ingurua eta arrain arantzadunaren habitata suntsituko ditu". Are, "kezkagarritzat" jo dute Artaza-Romo institutuan eta ikastetxeetan obrek izango luketen eragina: "Etengabeko leherketak, zarata gorgarria, bibrazioak eta esekidura-hautsa erabat bateraezinak dira ikasleen eta irakasleen osasunarekin eta ongizatearekin". Hori guztia gutxi ez, eta obrek iraun artean Kalitate Akustikoko Helburuak bertan behera uztea erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ondorioz, autobidea egiteko asmoak bertan behera utz ditzatela, eta makroproiektura bideratu nahi dituzten 500 milioiak garraio publikoa indartzera bidera daitezela galdegin du beste behin ere plataformak.