Greba mugagabeari ekin dio gaur Artziniegako (Araba) Tubacex Taylor lantokiko plantillak. Izan ere, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, itun kolektiboa berritzeko negoziazioak geldirik daude, eta ez da aurrerapenik egon langileen lan-baldintzak hobetzeari begira. Irailaren 3an izan zen enpresako zuzendaritzaren eta ordezkari sindikalen arteko azken bilera, baina akordio bat lortzeko borondaterik erakutsi gabe jarraitzen du zuzendaritzak.
Hamahiru urte dira ez dela Tubacex Taylorreko hitzarmena berritzen, eta ELAren esanetan, izozturik daude langileen soldatak, bizi-kostuek modu nabarmenean gora egin duten arren. Langileek hamahiru lanuzte egin dituzte uda honetan, lan-baldintzak hobetu daitezela eskatuz, baina blokeaturik jarraitzen dute elkarrizketek. Horiek horrela, greba mugagabera jotzea erabaki dute, negoziazioa desblokeatzeko asmoz. 27 langilek osatzen dute plantilla.
Tubacex enpresa-taldearen parte da Artziniegako lantegia. Hortaz, ELAk nabarmendu du "justifikatzeko zaila" dela zuzendaritzak ez izatea langileen eskaerak betetzeko borondaterik, kontuan hartuta azken urteetan irabazi ikaragarriak izan dituela Tubacex taldeak. "Urte honetan bertan, 6,4 milioi euroko ordainsari bat onartu dute akziodunentzat", seinalatu du.