AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/19 11:53

Aurreko ostiralean, Bilboko (Bizkaia) Barceló Nervión hotel aurrean elkartu ziren Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistako hainbat kide, laguntza bidezko ugalketarako ANACER elkartea egiten ari zen kongresua salatzeko. Bilkuran lantzeko auzietako bat izan zen alokairuko sabelen ingurukoa, eta, bereziki, horren kontra egin zuen protesta Itaiak.

"Erreprodukzioaren merkatuak urtean milioika euro irabazten ditu emakumeon esplotazioaren kontura. Era berean, emakumeok erreprodukzio-makina gisa betikotzen gaitu, gure gaineko dominazioa indartuz", adierazi zuten Itaiako kideek. "Alokairuko sabelek emakume langileon esplotazioa eta umeen salerosketa legitimatzen dituzte", gaineratu zuten.

Gogorarazi zuten alokairuko sabelen merkatua areagotu egin dela azken urteetan, Euskal Herrian barne, eta merkatu horretara jotzen duten emakume gehienek "pobrezia-egoeretatik ateratzeko" egiten dutela. Emakume horiek jasaten dituzten "ondorio fisiko eta psikologikoak oso larriak" direla salatu du Itaiak, baita merkatu horretan "esklabotza-egoeretan mantentzen" dituztela ere.

Modu horretan munduratzen diren haurrei dagokienez, haien eskubideak ez direla inola ere bermatzen nabarmendu du Itaiak. "Merkantzia hutsera mugatzen dituzte", esan du.

Mobilizazio bat Bilbon, uztailaren 20an

"Alokairuko sabelen aurrean, erreprodukzioaren merkantilizazioaren eta esplotazioaren aurkako posizio argia adierazi nahi dugu", aldarrikatu zuten Itaiako kideek aurreko ostiralean. Jakinarazi zuten, bestalde, uztailaren erdialdean hitzordu garrantzitsu bat dagoela jarrita Bilbon: alokairu sabelen inguruko lehen nazioarteko kongresua.

Horri lotuta, mobilizazio deialdi bat egin dute uztailaren 20rako: protesta bat antolatu dute kongresu horren kontra, 15:00etan, Azkuna zentroan.

EZ DAGO IRUZKINIK