AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / CNN
2024/02/06 08:37

Erabat kolokan dago Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA, ingelesez) jarduna, sustengu ekonomikorik eta, beraz, baliabiderik gabe ari baita geratzen. Berriki, nazioarteko gutxienez hamazazpi estatuk erabaki dute Palestinan laguntza humanitarioa ematen duen erakunde horri finantziazioa kentzea, Israelgo entitate sionistak esan ostean "Hamasekin" lotura omen dutela UNRWAko zenbait kidek.

Agentziak esan du hilabete honen amaieran utzi beharko diola palestinarrei laguntza humanitarioa emateari; nazioarteko herrialdeek baliabiderik bermatzen ez badiote, behintzat. Eta ez soilik Gazako Zerrendan: palestinar lur guztietan geratu beharko du bere jarduna. Sionistak egiten ari diren genozidioa dela-eta, palestinar errefuxiatu-olatu bete-betean, gosete bete-betean eta askotariko eskasia- eta gabezia-egoeran eten beharko du bere lana UNRWAk, eta lazgarriak izan daitezke ondorioak.

Izan ere, guztira 30.000 langile inguru ditu UNRWAk eta 13.000 lagunek jarduten dute Gazan, palestinarrei laguntza humanitarioa ahalbidetzen (une honetan, setio-egoeran, Gazan 3.000 inguru ariko direla kalkulatzen dute). Elikagaiak eta osasun-arreta bermatzen dizkie agentziak, eta haur palestinarrentzako eskolak ere kudeatzen ditu (eskola horietako asko erabili dituzte babesleku gisa Gazan azken hilabeteetan). Askotan ekarri dute gogora duela 11 urte, 2005ean, Israelgo entitate sionistak eta Egiptok palestinarren kontrako hamaikagarren oldarraldi handia gauzatu zutenean, funtsezkoak izan zirela UNRWAren baliabideak palestinarrek bizirauteko.

Urriaren 7tik hona, Gazako Zerrendan, 27.000 palestinar baino gehiago erail dituzte sionistek, etenik ez duen oldarraldi masibo baten barruan. UNRWAk azaldu duenez, agentzia horren bidez laguntza humanitarioa ematen duten 152 kide inguruk galdu dute bizia azken lau hilabeteetan.

Gosetea eta miseria

UNRWAk behin eta berriz salatu ditu Gazako Zerrendan palestinarrak jasaten ari diren miseriazko baldintzak, sionistek eragindako sarraskiaren beste alderdi bat horixe bera baita: erabateko blokeoa oinarrizkoenak diren bizi-bitartekoei dagokienez ere; elikagaiak, ura, botikak eta bestelako sendagaiak... NBEren agentziak hamaika aldiz ohartarazi du palestinarren artean nagusitzen ari den goseteaz.

Batez ere, Zerrenda iparraldeko egoera jo du larritzat UNRWAk. Jakin du posible dela hainbat eta hainbat palestinarrek, elikagai falta dela-eta, euren burua behartuta ikusi izana hegaztientzako janaria erabiltzera irina egiteko. Sionistek ezarritako setio-egoera dela-eta, agentziak ez du ia inoiz lortzen Zerrenda iparraldera sartzea, han dauden palestinarrei laguntza emateko.

EZ DAGO IRUZKINIK