AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / SABA
2024/01/30 09:49

Amerikako Estatu Batuak buru izanda, nazioarteko gero eta estatu gehiago ari dira jakinarazten finantziazioa etengo diotela Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari (UNRWA, ingelesez). Gutxienez hamazazpi dira palestinar errefuxiatuentzako Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) horri dirulaguntzak kendu dizkioten herrialdeak, nagusiki, Mendebaldekoak: AEBak, Kanada, Erresuma Batua, Alemania, Italia, Herbehereak, Suitza, Finlandia, Australia,Japonia,  Frantzia, Austria, Islandia, Errumania, Estonia, Lituania eta Letonia. Finantzazio hori mozteak zuzenean eragin dezake UNRWAk bere jarduna eten behar izatea.

Palestinarrei bideratutako laguntza humanitarioa eteteko, aitzakia nagusi bat erabili dute herrialde horiek: UNRWAko hainbat kidek "Hamasekin" lotura dutela esan dute, eta, ustez, parte hartu zutela urriaren 7ko kontraerasoan. Teorian, agentzia horretako hamabi kide (guztira 30.000 langile inguru ditu UNRWAk eta 13.000 lagunek jarduten dute Gazan) seinalatu dituzte, eta ikerketapean omen daude une honetan. Horretaz gain, Benjamin Netanyahu entitate sionistako Lehen ministroak iradoki du Nazio Batuen Erakundeak (NBE) "terrorismoa irakasten" duela Palestinan dituen eskoletan.

Bitartean, Israelgo entitate sionistari emandako armamentu-laguntzak eta abarrak mantentzen dituzte nazioarteko hamaika gobernuk

Agintaritza sionistek emandako informazioa lausoa eta zehaztugabea izan arren (eta aipatutako hamabi kideak kanporatu dituzten arren), aipatutako hamazazpi herrialdeek hartu dute erabakia jada, eta UNRWAren kontrako akusazioak erabili dituzte agentzia nazioartean kriminalizatzeko, finantziazioa kentzeko eta palestinar errefuxiatuak laguntzeko baliabiderik gabe uzteko. Bitartean, Israelgo entitate sionistari emandako armamentu-laguntzak eta abarrak mantentzen dituzte nazioarteko hamaika gobernuk, eta erabat desbideratu dute fokua sionistak Palestinan egiten ari diren genozidiotik, UNRWAren lana jopuntuan jarrita.

NBEko hainbat arduradunek ohartarazi dute: 2 milioi gazatar inguruk daukate UNRWAk ematen duen laguntza humanitarioaren erabateko beharra. Urriaren 7an, palestinar erresistentziak kontraerasora jo zuenean, erabateko setio-eraso bati ekin zioten sionistek Gazako Zerrendan. 26.000 palestinar baino gehiago erail dituzte lau hilabete baino gutxiagoan, eta neurrigabea da eragiten ari diren miseria: sekulako errefuxiatu-olatua eta palestinarren lurren hustea; elikagaien, sendagaien eta bestelako oinarrizko baliabideen blokeoa, eta abar. Gosete izugarri batez ohartarazi du hamaika aldiz UNRWAk berak: abenduaren amaieran esan zuen Juliet Toumak gazatarren laurdena ari zela gosez hiltzen.

Gosete izugarri batez ohartarazi du hamaika aldiz UNRWAk berak: abenduaren amaieran esan zuen Juliet Toumak gazatarren laurdena ari zela gosez hiltzen

Beraz, plestinarrak modu masiboan erailtzeko eta euren lurretatik kanporatzeko planarekin aurrera jarraitzen dute sionistek, eta ondorio larriak izan ditzake UNRWAren kontrako azken erasoak. Laguntza humanitarioa ahalbidetzeaz gain, haur palestinarrentzako eskolak kudeatzen ditu erakunde horrek (eskola horietako asko erabili dituzte babesleku gisa azken hilabeteetan), eta osasun-arreta ematen du. Familia-kredituekin eta oinarrizko azpiegiturekin ere laguntzen du. Sarri gogorarazi dute 2005ean, Israelgo entitate sionistak eta Egiptok palestinarren kontrako enegarren oldarraldi handia gauzatu zutenean, ezinbestekoak izan zirela UNRWAren baliabideak palestinarrek bizirauteko. 

2005ean, Israelgo entitate sionistak eta Egiptok palestinarren kontrako enegarren oldarraldi handia gauzatu zutenean, ezinbestekoak izan ziren UNRWAren baliabideak palestinarrek bizirauteko

Hala, sionistek aspalditik seinalatu dute UNRWA. Gazako Zerrendan nahiz Zisjordanian ematen du laguntza humanitarioa agentziak, baita hortik kanpo dauden errefuxiatu palestinarrei ere; hala nola, Libanon, Jordanian edota Sirian. Jakinarazi dute, dena den, kolokan dagoela Gazan eman ahalko duen laguntza: UNRWAk Espainiako Estatuan duen ordezkari nagusiak, Raquel Martík, aste honetan esan du amaitzen ari direla agentziaren baliabideak Gazan, eta hilabete baino gutxiagoan agortuko direla.

Bitartean, inolako konplexurik eta gupidarik gabe ari dira hitz egiten entitate sionistako agintariak. Segurtasun Nazionaleko ministro Ben Gvirrek oraintsu adierazi du Gazako 2,3 milioi palestinarrek alde egin beharko luketela euren lurretatik, eta euren "borondatezko emigrazioa sustatu" beharko litzatekeela. Horrela, Palestinan sionisten kokalekuak indartzen jarraitzeko aukera izango lukete, erantsi duenez.

Amaitzen ari dira UNRWAren baliabideak Gazan, eta hilabete baino gutxiagoan agortuko direla
EZ DAGO IRUZKINIK