Israelgo Estatu terroristak hamaika aldiz seinalatu du Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia (UNRWA, ingelesezko sigletan), "Hamasekin" lotura duela esanda. Orain, agentzia legez kanpo utzi nahi du: erakundea "terroristatzat" jotzeko urrats bat egin du Israelgo Parlamentuak (Knesset). Aurretik, nazioartean ez da inoiz gertatu NBEren agentzia bat terrorista gisa izendatzea.
Agintaritza sionistak berriz erabili du justifikazio bezala, bere esanetan, UNRWAko hainbat langilek "Hamasen erasoan" parte hartu izana. Ez da halako akusazioak egiten dituen lehen aldia, baina hainbatetan gezurtatu dute hori nazioarteko erakundeek. Zalantzan dago ea sionistek neurri hori aurrera atera ahal izango duten, baina modu nabarmenean areagotu dute UNRWAren kontrako presioa, mehatxu zuzenak barne.
Mehatxu zuzenak
Israelgo Lurren Agintzaritza delakoak NBEren agentziari agindu dio Jerusalem ekialdean duen egoitza utz dezala, 30 eguneko epean. Orain arte ere, kolono sionistek behin eta berriz eraso diote egoitza horri eta bertan lan egiten duten UNRWAko langileei; kanpoaldean pilatu dira haiek jazartzeko, harriak bota dituzte eta su eman diote eraikinari, besteak beste.
Mehatxu hori sendotzeko, Etxebizitza ministro sionistak, Yitzhak Goldknopfek, gutun bat bidali dio UNRWAri: 27 milioi shekel ez ordaindu izana leporatzen dio, sionisten arabera, eurenak diren lurretan aritzeagatik. Zehazki, azken zazpi urteetan, sionistena omen den eremu bateko egoitza bat (Jerusalem ekialdekoa) euren baimenik gabe erabiltzea egozten dio ministroak, eta horrekin ere indartzen du NBEren agentzia kanporatzeko eta jazartzeko mugimendua.
Blokeoaren gogortzea
Iazko urritik maiatz honetara bitartean, UNRWAko gutxienez 191 behargin erail dituzte sionistek Gazako Zerrendan. NBEk aste honetan salatu duenez, Israelgo Estatuko okupazio-indarrek Rafahn lurreko erasoari ekin ziotenetik, bi heren murriztu da Gazara sartzen den laguntza humanitarioa. Azken mugimenduekin, beraz, euren blokeoa gogortu dute sionistek.
Muturreko egoera
Iaz sionisten oldarraldi kriminala hasi zenetik ohartarazi dute Palestinan UNRWAren pisuaz: iazko datuen arabera, 2 milioi palestinarrek jasotzen zuten agentziaren laguntza humanitarioa. Askotan gogorarazi dute 2005ean, Israelgo entitate sionistak eta Egiptok palestinarren kontrako enegarren erasoaldi handia gauzatu zutenean, ezinbestekoak izan zirela UNRWAren baliabideak palestinarrek bizirauteko.
Azken zortzi hilabeteetan, agentziak behin eta berriz ohartarazi du Gazako Zerrendako muturreko egoeraz; besteak beste, sionisten blokeoa eta oldarraldi militarra direla-eta, palestinarrak pairatzen ari diren goseteaz.