AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Anadolu Ajansi
2024/02/27 07:58

Zalantzan dago oraindik Ukrania NATOn sartuko den edo ez. Aliantzako goi-karguek hainbatetan adierazi dute Ukraina ez dagoela Aliantza Atlantikoaren parte izateko prest, eta berriki baieztatu du hori Jens Stoltenbergek. Horretarako, bi arrazoi nagusi atera dituzte mahaira: Errusiaren aurkako gerra dela-eta, ez dagoela baldintzarik Ukrainak NATOren "segurtasunari ekarpena egin" diezaion, eta Ukrainaren indar militarrek eta erakundeek ez dituztela NATOren gutxieneko baldintzak betetzen.

Dena den, horretan laguntzeko eta Ukrainako soldaduak trebatzeko entrenamendu-zentro bat jarriko dute martxan aliatuek, duela gutxi jakinarazi dutenez. Gainera, NATOren parte diren estatuek "defentsari" lotuta aurten egingo dituzten gastuek langa historiko guztiak gaindituko dituzte, hilabete honetan bertan erakunde militarraren iturriek esan dutenez.

Eta, horretaz gain, argiak izaten ari dira NATOren eta hura osatzen duten herrialdeetako agintarien adierazpenak. Errusiarekin kontrako "erabateko gerra" batez hitz egin du Batzorde Militarreko presidente Rob Bauerrek, 20 urteko epea aipatuta. Bestalde, armak "modu masiboan" ekoiztera deitu du Alemaniako kantziler Olaf Scholzek, "Errusiaren mehatxua" argudiotzat hartuta.

Putinen hitzak

Etengabeko mugimendu horiek tarteko, Errusiako presidente Vladimir Putinek ere hartu du hitza. Argi eta garbi mintzatu da, Frantziako presidente Emmanuel Macronen bisitaren ostean egindako agerraldi batean: "Ukrainak NATOrekin bat egiten badu eta armadaren bidez Krimea berreskuratzen saiatzen bada, esan nahi du zuzenean eramango dituztela arrastaka Europako herrialdeak Errusiaren aurkako gatazka beliko batera".

"Jakina, ezin konparatuzkoak dira NATOren eta Errusiaren potentzialak. Ulertzen dugu. Baina, era berean, ulertzen dugu Errusia estatu nuklear nagusietako bat dela. Eta osagai moderno batzuekin, herrialde horietako asko gainditu ere egiten ditu", gaineratu du Putinek.

"Ez da irabazlerik izango", ohartarazi du, zuzenean Europako herrialdeei hitz eginda: "Zuen borondatearen kontra eramango zaituztete gatazka horretara. Begiak kliskatzeko astirik ere ez duzue izango 5. artikulua gauzatzen duzuenean". Aliantza Atlantikoak ezarritako 5. artikuluak aliatuen defentsa kolektiboa agintzen du. "Presidente jaunak [Macron], noski, ez du hori nahi. Eta nik ez dut hori nahi. Hori da bera hemen egoteko arrazoia, sei orduz ni torturatzen [bi presidenteen bilerari erreferentzia eginda]".

EZ DAGO IRUZKINIK