AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / UGT
2025/03/11 09:04

Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuak lan-eskubideak urratzen dituela salatu du sindikatu bereko delegatu talde batek. Zehazki, UGTren Madrilgo Zerbitzu, Mugikortasun eta Kontsumo Federazioaren aurkako zazpi salaketa aurkeztu dituzte ordezkariek Lan Ikuskaritzan, seinalatuz sindikatuak ez duela oinarrizko lan-araudia errespetatzen: ez ditu prebentziozko neurriak betetzen eta ez dauka inolako protokolorik langileek jasaten dituzten arrisku "psikosozialei eta laboralei" aurre egiteko, nahiz eta, teorian, derrigorrezkoa den legez. Sindikatuak, berez, gehienezko data bat ezarri zuen auzi horri heltzeko, lan-arriskuei buruzko ebaluazio baten gabeziaren jakitun. Baina, ikuskatzaile batek eskatuta ere, oraindik ez du inolako neurririk hartu alor horretan.

Sindikatuaren bestelako eraso batzuk ere aipatu dituzte ordezkariek: desgaitasunak dituzten beharginen kaleratzeak, mehatxuak eta bestelako errepresaliak... Horretaz gain, eta guztiz ironikoa bada ere, delegatuek salatu dute euren sindikatuak ez duela "askatasun sindikala" errespetatzen. Delegatuetako batek dio, adibidez, UGTren urraketak salatu dituzten pertsonak kanporatu ahal izateko saiakera bat egin duela zuzendaritzak: hauteskunde sindikaletara deitzea erabaki du, "molestatzen" duten sindikalistak euren ordezkaritza-kargutik kendu ahal izateko. Salatzaileek, beraz, "langileen lan-eskubideak etengabe urratzea" egotzi diote UGTri, baina baita salaketa horiek egin dituztenen aurka egitea ere.

Honakoa ez da UGTren abusuak eta erasoak salatzen dituzten aurreneko aldia. Duela bi urte, esate baterako, mobilizazioak egin zituzten sindikatuko langileek, iritzita "edozein sindikalista lotsatzeko modukoak" zirela UGTko zuzendaritzak negoziazioetan eskaini zizkien lan-baldintzak. Andaluzian, Balearretan, Madrilen, EAEn, Valentzian, Extremaduran eta Errioxan egin zituzten protestak UGTko langileek. Eta hori gutxi balitz, orain albiste den Madrilen bertan, korrupzio kasu batzuk atera ziren argitara urte berean, 2023an: UGTren Madrilgo zuzendaritzak 7.000 eurorainoko txekeak jaso zituela jakin zen.

EZ DAGO IRUZKINIK