AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
UGTko langileen protesta Valentzian.
2023/04/13 10:42

Mobilizazioei ekin diete Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuko langileek, euren sindikatuaren aurka. 2020an agortu zen ezartzen zitzaien hitzarmen kolektiboa, baina blokeatuta dago itun berriaren markoa adosteko negoziaketa. Langileen esanetan, sindikatuak hitzarmen horretarako egindako eskaintzak "barregarriak" dira; "edozein sindikalista lotsatzeko" modukoak.

Sindikatuak eskainitako soldata-igoera miserableak seinalatu dituzte beharginek: 2022rako, %2,8ko igoerak proposatu ditu UGTk, eta 2023rako, berriz, %2,5ekoak. Inflazioaren mailaren eta eraginaren oso azpitik daude igoera horiek, langileek salatu dutenez, eta erosahalmenaren galeraren kontra agertu dira.

Gainera, jada apirila den arren, oraindik adosteke dagoen itun berria urte honetan bertan agortzea nahi du sindikatuak. Klausula bat ere gehitu nahi dio, "erredakzio berrikoa": horren bidez, ituna bertan behera uzteko aldebakarreko erabakia hartzeko aukera izango luke UGTk, "arrazoitzeko eta negoziatzeko beharrik gabe". Bestalde, kontrataturiko langile berriei erretiroari loturiko ordainsaria kendu nahi die. Horiek dira, besteak beste, UGTk bere soldatapekoentzat proposatzen dituen neurrietako batzuk.

Baldintza horiek gaitzesteko, beraz, mobilizaziora jo dute langileek Espainiako Estatuko hainbat tokitan. Hala nola, Andaluzian, Balearretan, Madrilen, EAEn, Valentzian, Extremaduran eta Errioxan izan ziren protestak atzo, eta jakinarazi dute manifestazio bateratu bat egingo dutela maiatzean Madrilen.

UGTn, lan-kontratu bat duen orori aplikatzen zaio une honetan negoziatzen ari diren ituna, ondokoei izan ezik: sindikatuan ardura politikoak dituzten pertsonak eta langile liberatuak.

Kaleratzeak Gaztela eta Leongo egituran

Hori guztia gutxi ez, eta kaleratzeak iragarri ditu UGTk Gaztela eta Leonen. Enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztu du sindikatuak, eta badirudi langileen herena kaleratuko duela laster, uda aurretik. Gaur egun, 188 beharginek jarduten dute soldatapean sindikatuarentzat. Kaleratze masiboa arrazoitzeko, Gaztela eta Leongo Juntaren eta, zehazki, Enplegu Sailaren "aldebakarreko haustura" hartu du aitzakiatzat sindikatuak, programa batzuetara bideratutako diru-partidak murriztu dituztela-eta.

Galiziako CCOOko langileak ere, greban

Honakoa ez da sindikatu bateko soldatapekoak euren sindikatuaren aurka mobilizatzen diren aurreneko aldia urte honetan. Joan den urtarrilean, grebara jo zuten Galiziako Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuko langileek, 2014tik izoztutako hitzarmen kolektiboa berritzea eta euren soldatak igotzea exijitzeko. CCOOk "enpresa zekenenak bezalaxe jokatzen" duela salatu zuten beharginek.

EZ DAGO IRUZKINIK