AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Donostiako Itaiak hilabete honetan egindako protesta-ekintza, Ertzaintzaren komisaria aurrean.
2024/08/27 11:14

Duela astebete, abuztuaren 20an, Espainiako Poliziako agente ohi batek bi emakume erail zituen Bartzelonan, tiroz. Bere bikotekide ohia eta gaur egungo bikotekidea zena erail zituen gizonak, Rubí eta Castellbisbal udalerrietan, hurrenez hurren. 61 eta 64 urte zituzten. Gero, Castellbisbalen egin zuen bere buruaz beste polizia ohiak. 2023ko urtarrilean hartu zuen erretiroa, eta, Katalunian, Espainiako Poliziako bigarren burua izan zen bere garaian.

Uda honetan bertan, polizia-agente ohi batek egindako beste erailketa matxista bat ere atera da argitara Espainiako Estatuan. Joan den ekainaren 18an, Madrilgo Soto del Realen hil zuen andre bat bere bikotekideak: tirokatu eta burua moztu zion. 66 urte zituen emakumeak. Lehen udaltzaina zen hiltzailea, baina jubilatuta zegoen jadanik.

Erailketa saiakera bat Donostian

Horretaz gain, Donostian (Gipuzkoa) ere eman dute polizia batek egindako eraso matxista baten berri uda honetan. Iragan abuztuaren 18an, ertzain gizonezko bat bere bikotekidea erailtzen saiatu zen Txomin auzoan, sukaldeko labana bat hartuta. Gainera, mehatxu egin zien bere bi alabei. Atxilotu egin zuten erasotzailea, baina aske utzi zuten gero.

Itxura denez, "mehatxu larriak" baino ez dizkio leporatu epaileak, hasieran "genero-indarkeria eta etxeko indarkeria" egotzi arren. Ertzainak iazko azaroan eskatu zuen erregistroan sexua aldatzeko, emakume gisa erregistratzeko.

2023an, gutxienez lau erailketa

Aurreko urtean, 2023an, poliziek egindako lau erailketa matxista azaleratu zituzten Espainiako Estatuan. Iazko maiatzean, Malagan jarduten zuen guardia zibil batek bere bikotekidea erail zuen Granadan. 39 urte zituen emakumeak. Ekainean, 44 urteko beste emakume bat hil zuen bere bikotekide ohiak, Pontevedrako Oia herrian. Andrearekiko urruntze-agindu bat zeukan erasotzaileak, eta guardia zibila zen.

Hilabete beranduago, uztailean, 38 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak Antellan, Valentzian. Polizia izandakoa zen hiltzaile hori ere, eta 12 urteko semearen aurrean hil zuen bikotekidea. Iazko abuztuaren amaieran, bestalde, tiroz hil zuen 58 urteko andre bat bere bikotekide ohiak, Valentziako Alzira herrian. Gizona Espainiako Poliziako agente izan zen bere garaian, eta erretiratuta zegoen.

GEDAR LANGILE KAZETAk aurreko urtean seinalatu zuen datu horiek agerian uzten zutena: 2023ko udan, Espainiako Estatuan izan ziren hilketa matxisten %15 egin zituzten poliziek edo polizia ohiek, gutxienez. Hortaz, ezagutzera emandako 40 erailketetatik hiru.

Dena den, berez, ez dago datu zehatzik jakiteko emakume horietatik zenbat erail dituzten benetan poliziek edo polizia ohiek, eta polizia-indarren barruan zenbat hiltzaile eta erasotzaile dauden egiaz. Sekretupean mantentzen den informazio bat da hori.

Salaketak?

Uda honetan argitaratu dituzten kasu batean berean ere ez zegoen aldez aurreko salaketarik aurkeztuta; alegia, gerora erailak izan diren hiru emakumeek ez zuten euren hiltzaileen kontrako salaketarik jarri aurrez. "Tratu txarren emailea emakumeak babestu behar dituen instituzio horren parte izatea kontu latza da", azaldu dio Gregorio Gómez Genero Indarkeriaren Kontrako Arima elkarteko kideak Efeminista atariari.

Gomezek gaineratu du, bestetik, euren erasotzaileek etxean armak izateak are beldur handiagoa sortzen duela tratu txarrak jasaten ari diren emakumeen artean. Arma horiek "etengabeko mehatxu bat" dira emakume horientzat.

AEBetan, tratu txarrak hamabost aldiz ohikoagoak polizien partetik

GEDAR LANGILE KAZETAk aurreko urtean landu zuenez, Amerikako Estatu Batuetan, polizia-agenteen eta indarkeria matxistaren arteko loturari buruzko ikerketa bat egin zuen Alex Roslinek. Ikerketa horren arabera, AEBetako polizia-agenteek, gutxi gorabehera, biztanleria orokorrarena baino hamabost aldiz erritmo handiagoan egiten dituzte etxeko indarkeriazko ekintzak, haien bikotekide zein haurren aurka.

Polizia-departamentuek euren agenteak modu korporatibistan babesteko joera dutela ere azaldu zuen Roslinek, eta, beraz, polizia-agenteen etxeko biktimek askotan ez dakitela nora jo.

EZ DAGO IRUZKINIK