AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Uztailean Iruñean egindako protesta.
2023/09/04 12:32

Azken hiru hilabeteetan, gutxienez hemezortzi emakume hil dituzte euren bikotekideek edo bikotekide izandakoek Espainiako Estatuan. Amaitu berri den abuztuan sei emakume erail dituzte, uztailean zortzi, eta ekainean lau. Abuztuaren bukaeran eman zuten azken bi erailketa matxisten berri; aurreko asteazkenean, hain zuzen ere.

Egun horretan, Bejarren (Salamanca), 36 urteko emakume bat hil zuen bere bikotekideak, eta bere burua zubibide batetik botatzen saiatu zen gero. Alziran (Valentzia), bestalde, 58 urteko beste emakume bat erail zuen bere senar ohiak, egun berdinean. Etxe batean lubakitu zen hiltzailea, bikotekide ohia bahituta. Emakumea tiroz hil zuen gizonak, eta bere buruaz beste egin zuen gero. Polizia izandakoa zen.

Urtea hasi zenetik, Espainiako Estatuan, gutxienez 39 emakume erail dituzte indarkeria matxistaren eraginez. Azken 20 urteetan, 2003tik hona, gutxienez 1.223 emakume izan dira erailak.

2023an, gutxienez lau hilketa matxista izan dira Euskal Herrian, eta maiatzetik aurrera gertatu dira guztiak. Maiatzaren 15ean, Orion (Gipuzkoa) erail zuen emakume bat bere bikotekide ohiak; maiatzaren 28an, Gasteizen (Araba) aurkitu zuten hilik beste emakume bat, bere bikotekide ohiak eraila; ekainaren 15ean, Bilbon (Bizkaia) hil zuen andre bat gazte batek, eta, uztailaren hasieran, Iruñean (Nafarroa) erail zuen laugarren emakume bat bere bikotekideak.

EZ DAGO IRUZKINIK