AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/08 09:06

Raimundo El Canastero musika-taldeari oztopoak jartzen jarraitzen du Lizarrako Udalak, UPN buru duela. Atzo arratsaldean egin zuen agerraldi bat udaletxe aurrean, egoeraren berri emanez. Jasaten ari den jazarpena salatzeko eta adierazpen-askatasuna aldarrikatzeko, taldeak egitarau bat antolatu du gaurko, otsailaren 8rako: egun osoko egitarau bat, Euskal Herri osoko artista ugariren parte-hartzearekin. Hala ere, tramite eta isiltasun burokratikoen bidez, ekimena trabatu nahi izan du udalak. Asteak dira Raimundo El Canasteroko kideek beharrezko baimenak lortzeko tramiteak egin zituztela, baina udalak ez die inolako erantzunik eman, gaurko egitaraua kolokan jarriz.

Taldeak salatu du Lizarrako "kapitulu berri" hau "tragikoa" dela, "adierazpen-askatasuna murrizten, antolatzen den jendea isunekin beldurrarazten eta herriko gazteak epaitzen" ari direlako; baina "komiko ukitu" bat ere baduela uste du, "udal honen jarduketek barre eginarazten" dutelako. Hala ere, Raimundo El Canasterok erabaki irmo bat hartu du gaurko egitarauari dagokionez: aurrera egingo du antolatutako ekimenekin, "nola edo hala". "Aurrera egingo dugu, apoltronatu horiek ez digute egun polit bat garraztuko", aldarrikatu du: "Jende asko ilusionatu duen egun bat da, [...] eta, batez ere, adierazpen-askatasuna defendatuko dugun egun bat".

Sugarra Gaztetxean hasiko dira gaurko prestatutako ekimenak, 12:30ean, baina herriko kaleetara, Foruen Plazara eta La Bota Rockera ere eramango dituzte ekimenak; eta, horrekin batera, aldarriak. Egitarauan parte hartuko dute, besteak beste, Moises No Duermek, Olaia Inziartek, Komando Ref.-ek, J Martinak, Herdoilek, Duplak eta Zetakek.

Alkatearen salaketa eta taldearen kontrako epaiketa datorren astean

Hurrengo asteazkenerako dago finkatuta Raimundo El Canasteroren kontrako epaiketa. UPNren alkatetzak Lizarrako txosnak debekatzeko hartutako neurri autoritarioak zirela-eta, taldeak Beef D'Alda abestia sortu zuen udan, eta euren kontrako salaketa bat jarri zuen alkateak, alderdi politiko guztien konplizitatearekin. Kanta horren letrak ekarri ditu Poliziaren ustezko ikerketa eta horri lotutako prozesu judiziala, epaiketa bat izan duena emaitza modura.

Taldeak atzoko agerraldian jakinarazi zuenez, orain arte delitu "arinak" egotzi dizkiete: "mehatxuak, osotasun moralaren aurkako kalteak eta irainak", alegia. Baina, antza denez, posible da datorren asteko epaiketa atzeratu behar izatea, beste delitu bat ere leporatu nahi dietelako Raimundo El Canasterokoei: abesti baten bidez "gorrotoa sustatzea".

Musika-munduko 250 eragileren babesa

Euskal Herriko 200dik gora musikarik eta musika-taldek bat egin dute, Raimundo El Canasterorekin elkartasunez, manifestu bat argitaratzeko: "boterea eta instituzioak kritikatzea" zilegi dela adierazi dute idatzian, eta, hain zuzen ere, "kritika soziala eta politikoa" egiteko "betebeharra" dutela artistek. Sinatzaile guztiei eskerrak eman zizkien atzo taldeak, baita "herrian mugitzen ari den eta elkartasuna adierazten ari zaigun jende guztiari" ere.

EZ DAGO IRUZKINIK