AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/27 12:51

Yanely Gonzales iazko irailaren 11n erail zuen bere bikotekideak, Bilboko (Bizkaia) Santutxu auzoan: labanaz eraso eta hil egin zuen gauerdian. 31 urte zituen Gonzalesek, eta 34 urte ditu bere hiltzaileak. Atxilo dago une honetan, baina zalantzan dago ea epaiketara eramango duten edo ez.

Izan ere, azken berrien arabera, badirudi ez diotela ahozko epaiketarik egingo: auzitegiko medikuaren txostenak ebatzi du "koadro psikotiko larri bat" duela gizonak, eta, horren eraginez, ezin dela auzipetu. Aditu-txostenak dio erasotzaileak "errealitatearekin kontaktu osoa galdu" zuela Yanely hiltzeko unean, eta horrek "deuseztatu" egin zituela bere "nahimenak eta gaitasun-kognitiboak". Funtsean, txostenak aditzera ematen du hiltzailea ez zela egiten ari zenaren jakitun, eta, beraz, ez dela erantzule.

Itxura denez, aurrekari psikiatrikoak ditu erasotzaileak, eta 2024ko irailaren 11n bertan jo zuen Basurtuko Ospitaleko zerbitzu psikiatrikora. Hala ere, segituan eman zioten alta, eta gau horretan bertan hil zuen bere bikotekidea.

2024an, Euskal Herriko gutxienez sei emakume erail zituzten indarkeria matxistaren ondorioz. Urtea hasi bezain pronto, gainera, beste biktima bat izan zen: 84 urteko andre bat hil zuen bere semeak Barakaldon (Bizkaia).

EZ DAGO IRUZKINIK