AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Tutera Hoy
2024/05/17 14:16

Azken asteotan hainbat greba deialdi egin dituzte Euskal Herrian. Legutioko (Araba) Sidenor enpresako langileek astearteetan eta ostegunetan eginen dituzte lanuzteak, eta Gasteizko (Araba) CEVA Logistics honitzaileko langileek lau greba egun antolatu dituzte, maiatzaren 27tik aurrera. Horietaz gain, besteak beste, grebak eta mobilizazioak izango dira Tuterako (Nafarroa) Piher eta Hendaiako (Lapurdi) Sokoa enpresetan ere.

Tuterako Piher enpresako langileek soldata igoera bat exijitzen dute

Tuterako Piher enpresako langileek elkarretaratzea egin zutenaurreko ostegunean, "bidezko lan-baldintzak eta soldatak" exijitzeko. Mobilizazioa hasiera besterik ez da izan, hitzarmen berri bati buruzko negoziazioa "blokeatuta". Pieza elektronikoak ekoizten dituen fabrikako zuzendaritzaren proposamenak "kaskarrak" dira, langileen esanetan.

Azaldu dutenez, ez dute "azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratu", eta hiru urteren buruan ordainsaria %18 igo dadila exijitzen dute. Horretarako, urtarrilean negoziazioari ekin zioten beharginek, baina zuzendaritza "ez dago soldatak igotzeko prest". Ondorioz, negoziazioaren blokeoari aurre egin behar dio orain Tuterako plantillak, eta enpresak negoziazio-mahaiari uko eginez gero, mobilizazioak "areagotuko" dituztela adierazi dute beharginek.

Hendaiako Sokoako langileek 'hamahirugarren hilabetea' nahi dute

Aurtengo apirilaren 28an bildu ziren Sokoa enpresako langileak eta zuzendaritza, soldatari buruzko negoziazioei ekiteko asmoz. Baina, langileek salatu dutenez, azkar amaitu ziren elkarrizketak. Zuzendaritzak alde bakarrez erabaki du %2,5eko emendaketa orokor bat egitea, eta "antzinatasun-primaren baremoak %10ean birbaloratuko" dituela azpimarratu dute langileek.

Hala, salatu dute ez direla aintzat hartu langileen eskaerak. Haiek "hamahirugarren hilabetea" deritzon prima osatzea galdegin dute, eta soldata baten erdia izatetik soldata osoa izatera igarotzea exijitu dute. Ordainsariaren osagarria, gainera, enpresaren batez besteko soldataren arabera kalkulatzea eta plantillako langile guztientzako prima finkoa ezartzea ere eskatu dute. Egun, bost urteko antzinatasuna duten langileek bakarrik jasotzen dute "hamahirugarren hilabetearen" prima.

Soldata igoerak exijitzeko hainbat helduleku aipatu dituzte beharginek, besteak beste: inflazioaren goarakada, enpresaren irabaziak, edota enpresako ordainsaririk altuenen igoerak. Zentzu horretan, seinalatu dute igo egin direla zuzendaritza orokorraren soldatak, azken hamar urteetan "hirukoiztu" egin baitira. Biltzar Nagusi batera deitu dute CFDT eta LAB sindikatuek, eta mobilizazioak eginen dituztela eman dute aditzera.

EZ DAGO IRUZKINIK