Tubacexeko langileek aurrera jarraituko dute greba mugagabearekin

Enpresako zuzendaritzari exijitu diote Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia betetzeko eta kaleratutako langile guztiak berriz hartzeko. Beharginek 160 egun bete dituzte greba mugagabean.
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2021eko uztailaren 20a

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hil honetan jakinarazi du zer ebatzi duen Tubacexeko auzian: indargabetu egin du enpresako zuzendaritzak aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientea, eta beraz, Amurrioko (Araba) eta Laudioko (Araba) plantetan kaleratutako 129 langileak berriz hartu beharko lituzke enpresak. Dena den, zuzendaritzak ez du epai hori betetzeko asmorik erakutsi oraingoz, eta greba mugagabeari eustea erabaki dute beharginek.

Auzitegiaren ebazpenaren berri izatean, enpresako zuzendaritzak adierazi zuen banan-banan aztertuko zituela kanporatutako langileen kaleratze planak. Erabaki zuen, dena den, bitartean etxean geratu beharko zirela 129 behargin horiek, eta ez zirela lanera itzuliko. Gainera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jarri dio Madrilgo Auzitegi Gorenean.

Enplegu-erregulazioko espedientea eta kaleratze masiboa indargabetzen duen ebazpena betetzea exijitu diote zuzendaritzari langileek. Neurri horiek bete arte, behintzat, borrokan jarraituko dutela jakinarazi dute. 160 egun bete dituzte jada greba mugagabean.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik