AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Tubacexeko langileak Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: aiaraldea.eus
2021/07/09 09:30

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aste honetan eman du Tubacexeko auziaren ebazpenaren berri: baliogabetu egin du enpresako zuzendaritzak Laudioko (Araba) eta Amurrioko (Araba) plantetan aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientea, eta horrekin, neurriak barne hartzen zituen 129 kaleratzeak. Auzitegiaren aginduz, hortaz, enpresak langile guztiak onartu beharko lituzke berriz, lehen zituzten baldintza berdinekin.

Auzitegiak ez ditu ontzat eman erregulazioko espedientea justifikatzeko enpresak erabilitako argudioak; esaterako, ukatu egin du neurri hori hartzeko arrazoi ekonomikoak, "egiturazkoak" edo produktiboak egon badaudenik. Argudio modura, Tubacexeko zuzendaritzak galerak "puztu" dituela salatu izan du defentsak, eta horrekin bat egin du Justizia Auzitegi Nagusiak.

Hala ere, prozedura judizialean sindikatuek mahaira ateratako zenbait argudio baztertu ditu auzitegiak; besteak beste, langileen grebarako eskubidea urratu duela enpresak eta proposatutako kaleratzeek bereziki eragin diela enpresako emakume langileei.

Zuzendaritzak, dena den, jakinarazi du helegitea jarriko diola epaiari Espainiako Auzitegi Gorenean. Langileek ez dute greba bertan behera utziko, beraz: borrokan jarraituko dute zuzendaritzak ebazpena betetzen duela ikusi arte. Gaurkoa, hain zuzen, 150. greba eguna izango dute.

EZ DAGO IRUZKINIK