AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/18 09:13

Talde paramilitar faxista bat atera dute argitara Espainiako Estatuan. Larunbatean jakinarazi zutenez, taldeko 11 buru atxilotu zituzten, horietatik bi Hego Euskal Herrian. Zehazki, Almerian, Alacanten, Bizkaian, Castellón, Jaenen, Errioxan, Madrilen, Malagan, Nafarroan, Teruelen, Pontevedran, Segovian, Sevillan, Toledon, Valentzian eta Zaragozan izan dira atxiloketak. Atxilotuez gain, taldeko beste 11 kide daude ikerketapean.

Itxura denez, "egitura hierarkiko bat" dauka taldeak, eta "maila militar" desberdinak ditu barnean ("kapitain nagusia", "komandantea", "lurraldeko kapitainak" eta abar). Ereserki eta bandera propio bat dituzte, baita "kuartel nagusi bat" ere, Malagan. Almerian eta Malagan bertan egindako miaketetan, arma ugari topatu dituzte: hamar suzko arma, milaka kartutxo, azido sulfuriko botilak, ukabil amerikarrak, labanak, eta abar. Gainera, askotariko propaganda faxista ere aurkitu dute.

Dirudienez, 2021ean hasi zen talde paramilitarrari buruzko polizia-ikerketa, buruetako bat hainbat bideo zabaltzen hasi zenean sare sozialen bidez. Bideo horietan, hainbat kolektibo seinalatzen, iraintzen eta kriminalizatzen zituen faxista horrek; batez ere, pertsona migratuak, LGTBI pertsonak eta emakumeak. Sare sozialetan milaka jarraitzaile ditu, eta armatzeko eta "armada bat" sortzeko deia egin zien. Apurka, modu horretan sortu zuten "ordena militar bat", haien hitzetan.

Ondoko delituak leporatzen dizkiete atzemandako paramilitarrei: zilegi ez den elkarte bateko kide izatea, Estatuko erakundeak iraintzea, atentatua egitea, armak legez kanpo edukitzea, eta hainbat kolektiborekiko gorrotoa, diskriminazioa eta biolentzia sustatzea nahiz bultzatzea.

EZ DAGO IRUZKINIK