AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/02 17:09

Eskuin muturreko terrorismoaren arriskuaz ohartarazten duten nazioarteko txostenen artean dago Terrorismoaren Indize Globala (GIT, ingelesezko sigletan), Ekonomia eta Bakerako Institutuak egina. Txosten horren azken zenbakiaren arabera, aurreko hamarkadako ekintza odoltsuen motibazio nagusia "erlijiosoa" bazen ere, 2015etik, %95 murriztu da arrazoi horrengatik egindako atentatu kopurua. Kontrara, 2015 eta 2020 artean, eskuin muturreko atentatuen kopuruak %320 egin zuen gora munduan; hau da, urtean 35 atentatu egin zituzten ultraeskuindarrek, batez beste. 2019a izan zen urterik odoltsuena eskuin muturrarentzat: 89 heriotza, bost urteko aldi osoan baino %709 gehiago. Urte horretan, gainera, munduko atentatu hilgarri guztien %17,2 eskuin muturrak egin zituen.

2019a izan zen urterik odoltsuena eskuin muturrarentzat: 89 heriotza, bost urteko aldi osoan baino %709 gehiago. Urte horretan, gainera, munduko atentatu hilgarri guztien %17,2 eskuin muturrak egin zituen

Gogoan izan behar da GIT indizean ez direla aintzat hartzen "intentsitate baxuko" erasoak; armekin eta hildakoak eragiteko helburuarekin egindako atentatuak baino ez dituzte zenbatzen. Goian aipatutakoak, beraz, eraso larrienen gutxieneko zifrak baino ez dira. Eskuin muturraren erasoak, beraz, askoz gehiago dira guztira.

2007az geroztik, eskuin muturreko atentatuen ondorio izan diren heriotza guztien %31 "eskuin muturraren aurkako ideologia duten taldeen aurkakoak" izan dira; 275 hildako guztira

Txostenaren arabera, %60 murriztu da munduan atentatu odoltsuen kopurua 2022tik hona. Hala ere, indizea 2021 aurreko kopuruetara itzuli da dagoeneko, eta, hein handi batean, eskuin muturreko atentatuengatik izan da. 2022an bakarrik, eskuin muturrak hamalau lagun erail zituen gutxienez. Txostenak zehazten duenez, 2007az geroztik, eskuin muturreko atentatuen ondorio izan diren heriotza guztien %31 "eskuin muturraren aurkako ideologia duten taldeen aurkakoak" izan dira; 275 hildako guztira.

"Historiako gobernu aurrerakoienarekin", faxistak zigorgabe

Nazioarteko abisuak gorabehera, Espainiako Estatuan, hamar polizia-operazio baino ez dituzte egin erakunde faxisten aurka azken urteetan. Orain arte 30 pertsona kondenatu dituzte, urtebetetik hiru urte eta erdira arteko espetxealdiekin. Gainontzean, hamasei lagun absolbitu dituzte eta beste 31k abian diren prozesu judizialen pean jarraitzen dute. Zigorren bat ezartzen zaien kasu murritzetan, "legez kanpoko elkarte" bati lotuta izaten da, eta ez "terrorismoagatik", ezkerreko talde eta norbanako askori leporatu ohi dieten bezala.

Espainiako Estatuan, hamar polizia-operazio baino ez dituzte egin erakunde faxisten aurka azken urteetan. Orain arte 30 pertsona kondenatu dituzte, urtebetetik hiru urte eta erdira arteko espetxealdiekin

Espainiako Estatuan bada oinarri legalik eskuin muturreko taldeei terrorismoa leporatzeko: egitura hierarkizatuak izaten dituzte, etsaitzat jotako talde jakin batzuetako pertsonen bizitzaren aurkako delitu larriak egiten dituzte, eta hainbat kasutan, armak, munizioa eta lehergaiak ere gordetzen dituzte. Dena den, ultraeskuindarrek nahiko zigorgabetasun handia dute Espainiako Estatuan ere; eskuineko zein ezkerreko gobernuekin.

EZ DAGO IRUZKINIK