AKTUALITATEA / Lurraren defentsa
Subflubialaren aurka mobilizatzera deitu dute berriz, Bizkaiko Diputazioak obrak esleitu ostean
Aurreko larunbatean ehunka lagun mobilizatu ziren Erromon, subflibiala eraikitzeak izango lituzkeen "ondorio ekologikoak eta sozialak" salatzeko. Proiektua epaitegietan dagoen arren, obraren lehen atalak esleitu ditu jada aldundiak, makroproiektuaren aurkako plataformak azaldu duenez.
2026eko apirilaren 30 - 08:27
Subflubialaren aurka mobilizatzera deitu dute berriz, Bizkaiko Diputazioak obrak esleitu ostean
Manifestazioa apirilaren 25ean. — ARGAZKIA Subflubialari ez

Leioa (Bizkaia) eta Portugalete (Bizkaia) arteko itsasadarraren azpian eraiki nahi duten tunelari ezetz esaten jarraitzen du herritar andanak. Gaitzespen soziala aintzat hartu gabe, ordea, makroproiektua gauzatzeko pausoak ematen segitzen du Bizkaiko Foru Aldundiak: obren lehen bi atalak esleitu ditu dagoeneko, proiektua oraindik ere epaitegietan aztertzeke eta ebazteke egon arren. Subflubialari Ez plataformak jakinarazi duenez, obren lehen atala (Artaza parkean egitekoa dena) Ferrovial buru duen enpresa-talde bati esleitu dio diputazioak, 133 milioi euroan; eta bigarren atala (tunela zulatzeko lanak) Nortunel, Geotunel eta Tunelan enpresek osatutako taldearen gain geratu da, 144 milioi euroan.

Makroproiektuaren kontrako plataformak seinalatu duenez, aldundiak esleipenekin aurrera egiten badu eta gero epaitegiek proiektua gelditzen badute, kalte-ordain ikaragarriak eman beharko ditu aurrerago diputazioak berak. Dena den, subflubialaren aurka mobilizatzen jarraitzeko deia egin du lurraren defentsarako plataformak. Hurrengo asteartean, elkarretaratze zaratatsu bat egingo dute Bilbon (Bizkaia), diputazioaren aurrean; eta uztailaren 4rako eta 5erako, berriz, kanpaldi bat antolatu dute Artaza parkean, "gune kuttun hau defendatzeko dugun intentzioa argi erakusteko".

Azken hilabeteetan, mobilizazio jendetsu ugari izan dira subflubialaren aurka, iazko urrian Bilbon egindakoa kasu. Aurreko asteburuan, apirilaren 25ean, beste manifestazio bat egin zuten hainbat eta hainbat herritarrek, Erromon (Getxo, Bizkaia). Proiektuak ekarriko lituzkeen "ondorio ekologikoez eta sozialez" ohartarazi zuten berriz, eta aldundiari exijitu zioten plana bertan behera utz dezala.