Subflubiala ez lelopean, aurreko larunbatean gurutzatu zituen Bilboko (Bizkaia) kaleak manifestazio jendetsu batek: 1.000 pertsona baino gehiago mobilizatu ziren Leioa (Bizkaia) eta Portugalete (Bizkaia) arteko itsasadarraren azpian eraiki nahi duten tunelari ezetz esateko. Makroproiektuaren kontrako plataformak berriz salatu zuen "proiektu ekozida eta antisoziala" dela Bizkaiko Foru Aldundiak egin nahi duena, eta "garraio pribatuan oinarritutako mugikortasuna" bultzatuko duela. "Ezin gara geldirik egon: borrokan jarraitu behar dugu proiektu txikitzaile hau gelditzeko", gaineratu zuen.
Uztailean onartu zuten subflubiala eraikitzeko proiektua, 500 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin. Subflubiala Ez plataformaren esanetan, Artatzan ekin nahi diete obrei, eta 147 milioi euroko lan horiek esleitzeko prozesua martxan da jada.
Kalte ekologikoak eta sozialak
Plataformak behin eta berriz seinalatu du subflubialak "eragin oso larriak" izango dituela, "bai ingurumenean bai gizartean". Hala xehatu du: "Obrak egiten diren bitartean, inguruko bizilagunek eta institutuko langileek eta ikasleek zarata, bibrazioak eta kutsadura jasango dituzte, eta Artatza parkean dozenaka zuhaitz moztuko dituzte eta Ballonti errekaren ekosistemari kalte egingo dio". Tunel berriak, gainera, "zor ekologikoa utziko die etorkizuneko belaunaldiei, CO2 emisioak handitu eta ingurune naturala degradatzen baitu", ohartarazi duenez.
"Ezin gara fidatu instituzioen diskurtsoaz"
Larunbateko manifestazioan, plataformak salatu zuen "etekin pribatuetan oinarritzen" dela Bilbo Handiaren antolaketa, eta "horren adibide garbia" dela subflubialaren proiektua. Hain zuzen ere, Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru-diputatuak esandakoak ekarri zituzten gogora, aitortu baitzuen obrek "enpresa askori jaten ematen" dietela, Senerri eta IDOMi erreferentzia eginez besteak beste: "Instituzioek enpresa horien irabaziak bermatzeko legedia egokitzen dute; zarata-mailak mugatzen dituen araudia bertan behera utziko dute obrek irauten duten bitartean".
"Ez da tunel bat bakarrik, gizarte-eredua baizik", sakondu zuten, "herritarrak Kapitalaren interesen gainetik lehenesten dituzten, natura zaintzen duten eta garraio-sistema sozial bat garatzen duten politikak" aldarrikatuz.