Soldatapeko lanari loturiko gaitzen zenbaketa bat egiten du urtero Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Laneko Osasun eta Segurtasunerako erakundeak, Osalanek. 2024an, hain zuzen ere, 2.860 lan-gaixotasun erregistratu zituen, 2023an baino %0,5 gehiago. Kasu horien artean, 2.045 izan ziren gaixotasun berriak eta birgaixotzeak gainerako guztiak, 815 alegia.
Atzemandako gaitz berrien artean, giharretako eta hezurretako nahasmenduak izan ziren %66. Osalanen arabera, harremana izan dezakete lanean egindako mugimendu errepikakorrekin edo lanean derrigorrez hartu beharreko gorputz-jarrerekin. Bestalde, iaz identifikatutako gaitzen %7 zaratak eragindakoak izan zitezkeela uste dute; %6 agente biologikoen ondoriozkoak; eta beste %6 ahotsa behartzeagatik sorturikoak. Horrez gain, kasuen %4k zuten lotura larruazaleko lesioekin, substantzia kaltegarrien eraginez.
2024an, denera, lanean agente kantzerigenoek eragindako 34 gaitz atzeman zituzten, horien artean 27 amiantoaren ondoriozkoak. Gainerako kasuetan egurraren hautsa, artsenikoa, zianuroa, kadmioa, VI kromoa edo nikela ziren jatorria.
Jarduerei erreparatuz gero, laneko gaixotasunen intzidentzia-tasarik altuenak erregistratu zituzten arloak ondokoak izan ziren, elDiario.eus-ek jaso duenez: egoitza-establezimenduetako laguntza (8,24 kasu 1.000 langileko); metalgintza eta burdinaren, altzairuaren edo ferroaleaziozko ekoizpena (7,88 kasu 1.000 langileko); ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atoien ekoizpena (5,82 kasu 1.000 langileko).