AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/03 09:18

Badirudi agintari sionista batzuen arteko tentsioak gora egin duela azken egunetan, 55 preso palestinar aske geratu izanagatik; tartean, Gazako Al-Shifa ospitaleko zuzendaria, Mohammad Abu Salmiya. Hori dela-eta, neurri bat hartuko du Benjamin Netanyahu Lehen ministroak: instituzio arteko erakunde bat sortuko du, eta, aurrerantzean, horrek ikuskatuko ditu preso palestinarrak aske uzteari buruzko erabakiak, haiek galdekatu ostean. Ez dute zehaztu erakunde berri horrek Gazako Zerrendan soilik jardungo ote duen.

Eztabaida horien erdian, hainbat komunikabidek esan dute abisu bat eman duela Shin Bet (edo Shabak) segurtasun- eta inteligentzia-zerbitzu sionistak, euren espetxeetako egoeraz ohartarazteko. Izan ere, Israelgo Estatuko gobernuari gogorarazi omen dio 14.500 preso edukitzeko gaitasuna daukatela kartzela sionistek, eta, une honetan, 21.000 palestinar dituztela horietan gatibu.

Zenbait iturriren arabera, Shin Betek espetxeetako toki falta hartu du argudiotzat Al-Shifa ospitaleko zuzendaria eta beste hainbat palestinar libre uzteko. Netanyahuk eta beste hainbat agintari sionistak esan dute "akats larri bat" izan dela erabaki hori, eta badirudi Lehen ministroa atzo bildu zela Shin Beteko buru Ronen Barrekin.

Kartzelak handitzen

Israelgo Espetxe-Zerbitzuak ukatu egin du kartzela sionistetan pilaketak daudenik. Horretarako, ustez Abu Salmiya preso zeukaten zeldako irudiak argitaratu ditu, espazio faltarik ez dagoela erakusteko saiakeran. Bahitutako zortzi palestinar ikusten dira irudi horietan, ziega berdinean daudenak, antza. Belauniko daude, eta hainbat kartzelazainek armekin seinalatzen dituzte.

Espetxe-Zerbitzu sionistaren esanetan, urriaren 7tik hona, "segurtasun altuko" presoak giltzapetzeko 2.500 plaza gehitu dituzte kartzeletan. Hurrengo hilabeteetan, ia 1.000 plaza gehiago sortuko dituztela ere azaldu du. "Larrialdi-eraikuntza bat" ere egin nahi omen dute urtearen amaierara bitartean, beste 1.000 plaza berri eraikitzeko.

Shin Beteko buruak esan omen du, dena den, "denbora-bonba" bilakatuko direla espetxeak, eta preso palestinarrak aske uzteari ekin beharko diotela agintaritza sionistek. Gobernuari ohartarazi dio, gainera, "espetxe-krisiak" ondorio negatiboak dituela Israelgo Estatuarentzat, nazioarteko "legitimitatea" galtze aldera eta preso palestinarren erantzun posibleak eragite aldera.

Tortura sistematikoak

Aske geratzean, eta beste hainbat eta hainbat preso palestinarrek aurretik egin duten bezala, Abu Salmiyak salatu zuen tortura basatiak jasan dituela sionisten eskuetan. Jakinarazi zuen palestinar ugari erail dituztela galdeketa-zentroetan, eta askori ukatu dizkietela janaria edota sendagaiak. Behin eta berriz argitaratu diren irudiek frogatu duten modura, atxilotuei askotariko tortura eta "umiliazio fisiko eta psikologikoak" egiten dizkiete sionistek; hala baieztatu zuen Abu Salmiyak ere.

EZ DAGO IRUZKINIK