Main Armoured Tank of Europe (Marte) programaren bidez, etorkizunerako tanke berri bat ekoitzi nahi dute Europar Batasunean, "Europako Borrokarako Tanke Nagusia" izan dadin. El Diario Vasco-ren arabera, Euskal Herriko enpresa batek ezinbesteko rola izan dezake ekoizpen horretan, egoitza nagusia Andoainen (Gipuzkoa) duen SAPA Placencia enpresak buru izan nahi baitu tanke berriaren garapenean.
Aurreikuspena da proiektuaren "kontzeptu-diseinua" 2026. urtearen hasieran amaitzea. Europako Defentsa Funtsetik 200 milioi euro bideratu dituzte berriki programara, prozesua azkartzea bilatzen baitute, tanke berriaren eredu fisikoak bizkorrago sortzeko. Asmoa da, El Diario Vasco-ren esanetan, Europaren "abantaila militar kualitatiboari" eustea. Bruselak, antza denez, bosgarren belaunaldikoak liratekeen tankeak 2035erako prest egotea nahi du. Martxoan iragarri zuen 800.000 milioi euro mobilizatuko dituela "defentsara", Europar Batasunaren "autonomia estrategikoa" mantentzearen aitzakiapean.
Aurreratutako transmisio-sistemetan aditua da SAPA, eta 11 herrialdetako enpresek osatzen duten partzuergo europar baten parte da, sektoreko beste hainbat marka ospetsurekin batera. Aipatutako egunkariak dioenez, tanke berria ekoizteko ekimenean 50 bat enpresak parte hartzen dute, eta paketeka zatitzen dute lana, bost konpainia nagusien artean banatzeko: Alemaniako Rheinmetal eta KNDS, Italiako Leonardo, Suediako Saab eta Espainiako Estatuko Indra. SAPA da, hain zuzen ere, Indraren akziodun nagusietako bat (ia %8).
Indrak koordinatzen omen du 3. lan-eremua, eta Sapak dauka horrek barne hartzen duen 3.1 paketearen gaineko ardura; transmisio-sistemei buruzkoa, zehazki. Ekimen horretarako, ACT 1075 transmisioa atera du mahaira Aperribaytarrek gidatutako enpresa gipuzkoarrak.
SAPAren elkarlana Alemaniako eta Espainiako gobernuekin
El Diario Vasco-ren iturriek nabarmentzen dute SAPAk eragile gako bilakatu nahi duela Europar Batasunaren defentsa-negozioan, eta Alemaniako Defentsa Ministerioarekin elkarlanean ari dela, ibilgailu berriak probatzeko proiektu batean. Italian ere sartu omen du muturra Andoaingo enpresak, Alemaniako MTUrekin batera (Leopard tankeen motorra ekoizten duen konpainia), Italiako Armadarekin negozioak egiteko.
Espainiako Gobernuak ere, bere aldetik, indartzen du SAPA: uztailean atera zen argitara Espainiako Gobernuko Industria eta Turismo Ministerioak 2,3 milioi euro baino gehiago esleitu dizkiola, Ibilgailu Elektriko eta Konektatuaren PERTEaren (Berreskuratze eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategikoak) barruan.