AKTUALITATEA / Errepresioa
Santurtziko udaltzainburuak dimisioa eman du, Anderren erailketaren ostean
Udaltzaingoak ekainean Ander izeneko gazte bat erail izanak sortu dituen haserrearen eta mobilizazioen ondoren utzi du kargua polizia-arduradunak, nahiz eta "arrazoi pertsonalak" argudiatu dituen. Aurrez, udaltzaingorako oposizio batean izandako ustelkeria atera zen argitara.
2026eko abuztuaren 24 - 09:30
Santurtziko udaltzainburuak dimisioa eman du, Anderren erailketaren ostean

Hilabete honen hasieran jakinarazi zuten Santurtziko Udaltzaingoko buru Ibon Iturraspek dimisioa eman zuela, "arrazoi pertsonalak" argudiotzat hartuta. El Correo-k eman zuen berria, eta ez zen edozein unetan heldu: hainbat udaltzainek Ander izeneko gazte santurtziar bat erail ostean eta udaltzaingorako oposizio batean izandako filtrazioa argitara atera ostean utzi zuen kargua udaltzainen arduradun nagusiak. Aipatutako egunkariaren arabera, Santurtziko Udalak (EAJ) berehala onartu zuen dimisioa, nahiz eta ez Anderren erailketa ez ustelkeria kasua ez dituzten argitu oraindik; eta are gutxiago erantzukizunak edo neurriak hartu.

Santurtziko hainbat udaltzainek ekainaren bukaeran erail zuten Ander: gaztea agerraldi psikotiko bete-betean zegoela, udaltzainengana hurbildu zen laguntza eske, baina bortizki jipoitu zuten polizia-agenteek, taser pistola eta borrak erabilita. Koman utzi zuten, eta handik gutxira hil zen Gurutzetako Ospitalean. Gertatutakoak haserre bizia eta mobilizazio handiak eragin ditu herrian, eta hilabete eskasera aurkeztu du dimisioa udaltzainburuak: hilketaren erantzukizuna bere gain hartu gabe; Anderren senideek auzitegietara jo dutenean, eta Justizia Anderrentzat plataformak urriaren hasierarako deitu duen manifestazioa izan aurretik.

Anderrentzat justizia eskatzeko mobilizazioa urriaren 3an

Uztailean aurkeztu zuten Justizia Anderrentzat izeneko herri-plataforma berria, eta 17an manifestazio jendetsu bat egin ondoren, beste mobilizazio-deialdi bat egin du datorren urrirako. Zehazki, urriaren 3an izango da protesta, "bortizkeria eta inpunitate polizialari" ezetz esateko. Udaltzainburuaren dimisioaren harira, plataformak zorrotz hitz egin du: "Nahiz eta dimisio hori ospatu, ez dugu gure jarduna etengo Anderren heriotzaren erantzule diren polizia eta arduradun politiko guztiak euren karguetatik kanporatu eta justiziaren aurrera eraman arte".

Ustelkeria kasua hilabete batzuk lehenago

Santurtziko udaltzainburuaren dimisioa hilabete batzuk lehenago argitara ateratako ustelkeria kasuarekin ere lotu dute hedabide ugarik. Izan ere, udaltzaingoko ofizialorde izateko oposizioan Segurtasun zinegotzi jeltzaleak galderak filtratu zituela jakinarazi zuten hainbat iturrik, eta Iturrasperen erantzukizuna seinalatu dute gerora zenbait informaziotan: azterketako galderen zainketa-katea apurtu egin zela aitortu zuen Iturraspek, Naiz-ek gogorarazi duenez. Otsailean jakin zen arren EAJk bertan behera utzi zuela filtrazioari buruzko ikerketa, ezin izan du polemika estali, eta dimisio ugari ekarri ditu ustelkeria kasuak, tartean, Karmele Tubilla alkatearena.