AKTUALITATEA / Politika instituzionala
Dimisioa eman du Santurtziko EAJko alkateak, udaltzaingorako oposizioko filtrazioari lotuta
"EAJren irudia ez kaltetzeko" egin dio uko karguari Karmele Tubillak. Berriki baztertu behar izan du Segurtasun zinegotzia, udaltzaingorako oposizio batean izandako filtrazio posibleagatik, eta zenbait pertsonari bidea errazteko EAJk egindako "presioak" salatu ditu hark.
2026eko otsailaren 16
Dimisioa eman du Santurtziko EAJko alkateak, udaltzaingorako oposizioko filtrazioari lotuta
— ARGAZKIA radiopopular.com

Beste eskandalu bat EAJn: dimisioa eman behar izan du Santurtziko (Bizkaia) alkateak, Karmele Tubillak, Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE) batean izandako filtrazioa argitara atera eta hilabete gutxira. Aurreko ostegunean emandako azalpenetan zioen "arrazoi pertsonal, familiar eta politikoengatik" egin diola uko karguari, eta salatu zuen gainerako alderdiak beretaz baliatzen ari direla "Santurtzin EAJren irudia kaltetzeko". "Ezin dut onartu hori gertatzea, nire alderdiaren siglekin dudan konpromisoa erabatekoa baita", gaineratu zuen.

Tubillak iazko azaroan kendu behar izan zuen kargutik Santurtziko Segurtasun zinegotzia, Sonia Lopez jeltzalea, udaltzaingoko ofizialorde izateko oposizio batean iruzur egiteagatik. Lopezek aurrez pasatu zizkion azterketako galderak oposiziogile bati, eta antza denez, bikote-harreman bat daukate biek. Udalak bertan behera utzi behar izan zuen enplegu-deialdia, informazio horiek zirela-eta, eta Segurtasun zinegotzia baztertu behar izan zuten gerora.

Handik hiru hilabete eskasera, ordea, alkateak ere dimisioa eman behar izan du. Santurtziko EAJk eskerrak eta babesa eman dizkio, eta Edorta Rodrigo alderdikideak hartuko du kargua momentuz. EAJk Bizkaian daukan buruak, Iñigo Ansolak, esan du ez duela Tubilla bultzatu kargua uztera, eta erabakiak ez daukala zerikusirik filtrazioari buruzko ikerketaren garapenarekin. Aurreko ostegunean izan zen ikerketa-batzordearen azken bilera, Tubillak dimisioa eman zuen egun berean.

Alkateak karguari uko egin eta zenbait ordura, ikerketa-batzordearen bileran hartu zuen hitza Lopezek, Segurtasun zinegotzi ohiak. Naiz-ek jakinarazi duenez, politikari ohiak bertan jakinarazi zuen EAJren "presioak" jasan izan dituela, alderdiaren gertukoak diren hainbat pertsona kontratatzeko eta haiei bidea errazteko.

Santurtzikoa ez da EAJk azken urtean lekuan lekuko udaletan izandako krisi bakarra. Sestaoko (Bizkaia) alkate Ainhoa Basabek eta Donostiako (Gipuzkoa) alkate Eneko Goiak euren agintaldien erdian utzi zituzten karguak (azken horrek, antza, inkestetako emaitza txarren eraginez), iazko martxoan eta urrian hurrenez hurren; eta Getxoko (Bizkaia) Irurak Bat jauregitxoaren eraisketa dela-eta, EAJko hiru zinegotzi eta hainbat teknikari daude ikerketapean.