Aurreko ostegunean, Sopelako (Bizkaia) Udaltzaingoko agente bat atxilotu zuen Espainiako Poliziak, droga-trafikoagatik. Zehazki, kokainarekin salerosketan aritzea leporatzen diote, baina badirudi aske utzi dutela jada, kautelazko neurriekin. Barakaldokoa (Bizkaia) da izatez.
El Correo-ren arabera, atxilotuak "denbora" zeraman kokainarekin trafikatzen, eta hiru bat urte egin ditu Sopelako udaltzain modura lanean. Beraz, aldi berean jardun du drogarekin trafikatzen eta udaltzain bezala; aipatutako egunkariak jaso duenez, behin baino gehiagotan aritu da kokaina saltzen udaltzain-uniformea jantzita zeramala.
Ikerketa judizialak iraun bitartean, behintzat, lanik eta soldatarik gabe utzi du agentea Sopelako Udalak, behin-behinean. Atxiloketaren osteko miaketetan kokaina, saltzeko prestatutako dosiak eta tresna batzuk topatu zituzten poliziaren etxean.