AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/17 10:54

Aurreko ostiralean, azaroaren 14an, protesta bat izan zen Gasteizko (Araba) Atzerritartasun Bulegoen aurrean, kale-egoeran jarraitzen duten dozenaka asilo-eskatzaile maliarrentzako aterabide bat eskatzeko. Izan ere, ehunka pertsona dira gerratik eta pobreziatik ihes egin ostean Gasteizera mugitu direnak, baina asilo-eskaerak egitean, oso urrunerako eman dizkiete hitzordu administratiboak; 2028ko ekainerako kasu gehienetan. Bitartean, beste alternatibarik ezean, kalean egon beste aukerarik ez dute. 40 bat lagun dira, une honetan, Gasteizen egoera horretan daudenak.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatu zuen ostiraleko protesta, eta azaldu duenez, asilo-eskatzaileek zain egon behar duten denboran, "muturreko baldintzetan bizi behar izaten dute: kale gorrian lo egiten dute, sukaldatzeko, garbitzeko eta oinarrizko premiak asetzeko inolako tokirik gabe". Gainera, sindikatuak ohartarazi du "denbora horretan haien eskubide politikoak eta zibilak ia etenda geratzen direla, eta haien existentzia publikoa kriminalizazio- eta jazarpen-egoeretara murrizten dela".

Bizitzeko alternatiba bat eta prozesu burokratiko eternalak bukatzea

Beraz, egoera horretan dauden pertsonentzako bizitoki-alternatiba bat eta asilo-tramiteak azkartzea exijitu zuten ostiraleko mobilizazioan. Sindikatuak gogorarazi du hirian 7.000 etxebizitza baino gehiago daudela hutsik eta beste asko direla erabiltzen ez diren eraikinak, "eta bitartean, dozenaka pertsona kalean bizitzera behartuta daudela". Asilo-izapideak bizkortzea ezinbestekotzat jo zuen, gainera: "Ez da posible tramite burokratiko batzuk, hala nola isunak jartzea edo militanteak auzipetzea, segunduetan ebaztea, babes bila dabiltzanen egoera erregularizatzeak urteak eskatzen dituen bitartean".

Sindikatuak nabarmendu du, dena den, "kontraesan horiek sistema kapitalistari berezkoak zaizkiola, aberastasuna gutxi batzuen eskuetan biltzen baitu, gehiengoa miseriara kondenatzen duen bitartean". Salatu du "Mendebaldeko burgesiek beste lurralde batzuetan egindako espoliazioaren eta indarkeriaren gainean eraiki dutela beren aberastasuna, eta orain, horren guztiaren zati txiki-txiki batek zipriztintzen dituenean, beste alde batera begiratzen dutela".

Klase-elkartasuna antolatzea

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren esanetan, "gakoa ez da gizatasun edo enpatia kontu soil bat, baizik eta ulertzea pertsona horiek hemen daudela definizioz desberdintasuna, gerrak eta ezegonkortasuna eragiten dituen sistema baten ondorioz". Eta gaineratu du: "Pertsona horiei elkartasuna adieraztea eta ahal dugun guztian laguntzea klase-elkartasuneko ekintza bat da, berdinen artean etsai komun batekin identifikatzeko ekintza bat; burgesia inperialista eta haren zerbitzura dauden alderdi guztiak". 

Sindikatuko kideek aldarrikatu dute "Gasteizen elkartasunaren eta duintasunaren eredu bat eraikitzen" ari direla, "ahal den guztian laguntzeko eta egoera horren arduradunak seinalatzeko antolatutako pertsonekin". Azken hilabeteetan, esaterako, boluntario-sare bat ari da klase-elkartasuna praktikara eramaten eta antolatzen, eta horren erakusle dira kale-egoeran dauden pertsona maliarrei laguntzeko izaten ari diren bilketak. Aurreko ostiralean bertan, elkarretaratzearen aurretik, hotzari aurre egiteko materiala bildu zuten Salburuan.


Irakurri hemen asilo-eskaera tramitatzeko zain dagoen maliar bati GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa.

EZ DAGO IRUZKINIK