Eibarko (Gipuzkoa) Gaztetxeko kideek 11:30 aldera eman dute abisua sare sozialetatik: Ertzaintza bertaratu da gaur goizean, aldez aurreko jakinarazpenik egin gabe, Gaztetxea desalojatzeko lanak hasteko. Argitaratu dituzten irudietan ikusten denez, Ertzaintzak berak eraman ditu Gaztetxea husteko tresnak eta barrura sartu da; bi sarreretako bat adreiluz ixteari ekin dio segituan. Hurbiltzera eta desalojoari aurre egitera deitu dute Eibarko Gaztetxeko kideek.
Eta kitto atariak jakinarazi duenez, Eibarko epaitegi batek eman du Gaztetxea husteko agindua. Dena den, abokatu gisa identifikatutako pertsona batek kaleratze-agindua erakusteko eskatu zien atzo poliziei, eta uko egin zioten horri. Gainera, Gaztetxeko kideek azaldu dute ez dutela inolako abisurik jaso aurrez.
Antza denez, udalak martxan daukan urbanizazio-proiektu baten ondorioz hustu dute Gaztetxea. Badirudi Amenabar enpresa erraldoiko hainbat kide ere presente egon direla gaurko desalojoan.
Gertatutakoa salatzeko, mobilizazio-deialdi bat egin dute Gaztetxetik gaur arratsalderako: 19:00etan bildu dira Untzaga Plazan, eta bertatik abiatu da herrian barrena egindako manifestazioa. Eibarko Gaztetxea aurrera, desalojorik ez! izan dute lelotzat.
