Kontseilu Sozialista Iruñerria: "Belaunaldi arteko izaera daukaten eskualde mailako kontseiluak sortzeko apustua egin dugu"

Iruñerriko kontseilua lehena izan zen sortzen, ordutik beste hainbat sortu dira astebeteren buruan. Elkarrizketa labur honetan Kontseilu Sozialisten inguruan zenbait gako estrategiko askatzen ahalegindu gara, Iruñerriko bi bozeramaileekin hizketan.
Argazki Nagusia
Argazkia: Gedar
2020ko abenduaren 31a

Zergatik sortu da Kontseilu Sozialista Iruñerria?

Egun bizi dugun krisi kapitalista krisi ekonomikoa izateaz gain, gizarte osoaren egiturazko krisia da. Zehatzago esateko, proletarizazio prozesu bat bizitzen ari gara, non pobretze orokortu baten baitan proletalgoaren bizi-baldintzak gero eta okerragoak diren. Pandemiak prozesu hori bizkortu du eta, horri, osasun-arriskuaz gain, Estatuak martxan jarri duen eskubide politikoen eta zibilen murriztea gehitu behar zaio.

Testuinguru horrek, kondena bat izateaz gain, abagunea irekitzen digu proletalgoa subjektu politiko bezala eratzeko. Proletalgoaren interesak modu independentean defendatzea inoiz baino beharrezkoagoa da eta, zentzu horretan, Kontseilu Sozialisten sorrera aurrerapauso garrantzitsua dela uste dugu antolakuntza komunista garatzen jarraitzeko.

Zertarako sortu da antolakunde hau?

Gure proiektu historikoari berrekiteko sortu da Kontseilu Sozialista Iruñerria, hau da, gizarte komunistaren eraikuntzari gaurdanik ekiteko. Gizarte burgesaren eta bere ondorioen aurrean programa komunistaren gaurkotasuna aldarrikatu nahi dugu, uste baitugu hori dela proletalgoak duen aukera bakarra. Noranzko horretan aurrerapausoak emateko asmoz sortu gara, proletalgoaren bizi-baldintzen defentsa egiteko eta posizio estrategikoak indartzeko.

Horretarako, esparru desberdinetan tresna erabilgarria izateko asmoa dugu. Elkartasun antolatuaren bidez eta ikuspegi integral batetik, langile klaseko sektore, belaunaldi eta subjektibitate desberdinei tokia eman nahi diegu.

Zein dira bere oinarri estrategikoak?

Klaserik gabeko eta inolako zapalkuntzarik gabeko jendarte bat eraiki nahi dugu, komunismoa, alegia. Jendarte komunista eraikitzeko baldintza langile klaseak burgesiaren boterea suntsitzea eta bere botere propioa eraikitzea da, eta horrela ulertzen dugu guk gure egitekoa.

Zapalkuntzarik gabeko jendarte baten eraikuntzan Euskal Estatu Sozialista aldarrikatzen dugu helburu estrategiko gisa, maila internazionalean antolatu beharreko prozesu sozialista batean, hori baita Euskal Herritik egiten ahal diogun ekarpena.

Zein izango da Kontseilu Sozialistaren eguneroko jarduna Iruñerrian?

Langile klasea hainbat eremutan aurkitzen da babesgabe eta eremu horietan jarriko ditugu martxan lan-lerroak. Problematika ezberdinei erantzuteko asmoa dugu eta norabide horretan pausoak ematen jarraituko dugu.

Bestalde, Iruñerriko erreferentzia politiko eta ideologiko sozialista izateko asmoa dugu. Horretarako, orain arte Mugimendu Sozialistak garatutako tesien zabalpena egitea eta horretan sakontzea dagokigu, koadro militanteak sortuz eta antolakuntza lurraldean hedatuz.

Kontseilu Sozialista Iruñerria sortu zenetik, hainbat kontseilu aurkeztu dira Hego Euskal Herriko zenbait eskualdetan. Zein da kontseiluen arteko harremana eta euren norabidea?

Gaur-gaurkoz, belaunaldi arteko izaera daukaten eskualde mailako kontseiluak sortzeko apustua egin dugu. Eragile horietako bakoitza eskualde mailan antolatuko da, kontseiluen arteko koordinazioa eta komunikazioa existitzen badira ere. Gure asmoa eskala geografiko handiagoan antolatzeko baldintzak sortzea da, eta eskualdeetako kontseiluak norabide horretan ekarpena egiten ahaleginduko dira.

Antolakuntza eskala handitzeko, gutxienez bi faktore ikusten ditugu beharrezko: lehenik, kontseiluak eta euren jardun politikoa ezagutzera ematea, proletalgoaren artean kontseiluaren erabilera eta militantzia handitzearekin batera. Bigarrenik, aurrerapauso teoriko zein programatikoak ematen jarraitzea, erronka handiagoei prestakuntza garatuago batekin erantzun ahal izateko. Lana badugu aurretik.

Zuen aurkezpen testuan Mugimendu Sozialistaren bilakaeraren baitan kokatzen zenuten kontseiluaren sorrera. Zein da Mugimendu Sozialistako gainontzeko antolakundeekin daukazuen harremana? Eta zein beste eragile batzuekin daukazuena?

Mugimendu Sozialistak orain arte gabezia bat izan du belaunaldien arteko lankidetzari dagokionez: gehienbat gazteek osatutako mugimendu bat izan da eta egun ere, neurri handi batean, horrela da. Orain dela urte batzuk gazte ginenok, pixkanaka, adinean eta esperientzian gora egiten ari bagara ere, aurrez aipaturiko hutsunea betetzen saiatuko dira Kontseilu Sozialistak. Horretarako, proletalgoaren eguneroko bizitzako arazo ezberdinei aterabidea ematea izango da egun kontseiluak osatzen ditugunon erronka, proletalgoaren antolakuntza independentearen beharra eta eraginkortasuna frogatzeko.

Mugimendu Sozialistako antolakunde bakoitzari bere esparrua jorratzea dagokio, eta Kontseilu Sozialistek antolakunde horien eragin esparrutik haragoko lan-eremuak ukituko dituzte, bikoiztasunak ekidinez. Hori bai, perspektiba integral batekin egingo dute lan, eta ahotsa emango diete Mugimendu Sozialistaren ekimenei.

Sortu berria den eragile bat gara, eta oraindik ez dugu betarik izan Iruñerriko eragile ezberdinekin kontaktua egiteko. Gure partetik, deitura eraldatzailea duten askotariko eragileei gure burua aurkezteko eta agendak partekatzeko asmoa dugu eta, elkar ulertuz gero, lankidetzarako prestutasuna gure egiten dugu.