Gaztetxe eta gazte asanbladen izaera politikoa aldarrikatu eta hauek ezaugarritzeko elementuak mahai gaineratuz idatzi bat sinatu dute Euskal Herriko 40tik gora asanblada, gaztetxe eta gazte eragilek

Hernaniko Kontrakantxa gaztetxearen ekimenez hedatu da idatzia. Arrigorriagan azken aldian izan diren gertaeretan bertako gaztetxe eta gazte asanbladak izan duen jarreraren aurrean “erantzuteko adierazpen kolektibo” bat bezala definitu dute testua. Ildo honetatik tiraka, testuak, sinatzaileek gaztetxe eta gazte asanbladei esleitzen dioten izaera politikoa aldarrikatzeko elementuak eskaintzen ditu. Sinatzaileentzat, “prozesu sozial orokortu” baten emaitza dira gaztetxe eta gazte asanbladak eta partekatzen duten deiturak egungo testuinguruan eurek izan beharreko jarrera ezagutaraztera eraman ditu. Gaztetxe eta gazte asanbladen izaera politikoaz gain, espazio hauek berezkoa duten “irekitasun politikoa” defendatzen dute sinatzaileek, “instituzio publiko” gisa definituz. Zentzu honetan, “irekitasun ideologikoaren printzipioa”, militante politikoen bazterketaren aurkako jarrera eta militantzia politikoak exijitzen duen arduraren inguruko hausnarketa mahai gaineratzen du testuak
Argazki Nagusia
Hernani. Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladen azken topaketetako manifestazioko irudi bat. Argazkia: Gedar
2019ko abuztuaren 03a
Euskal Herriko 40tik gora gaztetxe, gazte asanblada eta kolektibok adierazpen bat plazaratu berri dute sare sozialetan, Hernaniko (Gipuzkoa) Kontrakantxa gaztetxearen eskutik. Idatziaren bidez, sinatzaileek posizio bat hartu nahi izan dute, azkenaldian Arrigorriagan (Bizkaia) jazo diren gertakariek sortutako testuinguruaren aurrean: "Arrigorriagako gertaerek bere muga geografikoak gainditu dituzte, eta horrek, gaztetxe eta gazte asanbladen gaineko hainbat auzi ireki ditu".

"Gertaera horiek irekitzen duten eszenatokian jokatzen dugun paperaren eta daukagun arduraren kontzientzia hartu, eta gure ustez horren aurrean eduki behar dugun jarrera azaldu nahi dugu", argitu dute. Hala, "heldutasun" ariketa modura definitu dute posizio hartzea, "aktibo politiko bezala, auzi politiko batek exijitzen dizkigun ardurak eta konpromisoak betetzeko prestutasuna" dutela adieraziz. Gertaeren salaketa soiletik urrun, sinatzaileek mahaira atera nahi izan dituzte azaleko gertakariak eragiten dituzten sakoneko arrazoiak.

Deitura partekatua

Gaur argitaratutako adierazpenak, gaztetxe eta gazte asanblada kontzeptuek Euskal Herrian duten erabilera komunaren jatorria jartzen du lehenik eta behin mahai gainean: "Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada oro, prozesu sozial baten parte direla argi utzi nahi dugu. Euskal Herrian izaera horretako prozesu sozial orokorturik ez balitz existituko, ezingo ginateke gaztetxe eta gazte asanbladez modu orokortuan mintzatu, edo gizartearen aurrean horrela aurkeztu". Ondorioz, espazio horien parte bilakatzen direnek "ondare politiko bat", "erreferentzialitatea" eta "esperientzia politiko" jakinen emaitza eskuratzen dituztela nabarmendu dute.

Hala, gaztetxe eta gazte asanbladek dituzten ezaugarri komunak galdegin nahi izan dituzte sinatzaileek. Lehenik eta behin, espazio horiek "irekitasun politikoa" edota "irekitasun ideologikoa" dutela diote: "Izan ere, edonork hartu dezake parte gazte asanbladan, baldin eta jardun arrazista, sexista, klasista eta baztertzailerik erreproduzitzen ez badu".

"Balizko gatazka egoera existitzeak ez du bidezkotzen pertsona batzuen kanporatzea eta ez beste batzuena, asanblada guztietan egon baitaitezke adiskidetasun eta etsaitasun pertsonalak", adierazi dute sinatzaileek. Modu horretan arbuiatu dute Arrigorriagako Gazte Asanbladak eskualdeko militante sozialistak, Hego Uribeko Sare Sozialistako kideak, kanporatu izana: "Gazte asanbladek integraziorako eremuak behar dute izan, ez bazterketa sustatzeko eta beto ideologikoak ezartzeko guneak".

Ardura

"Instituzio publiko" horietan egiten den jardun politikoak exijitzen duen arduraz ere mintzo dira testuan: "Guztiok gara gure ekintzek sortzen duten eszenatokiaren erantzule; zentzu horretan, ez da onargarria denbora luzez gatazka elikatzen egon ostean, horrek sortzen dituen ondorioen erantzule ez egitea. Hori arduragabekeriaz jokatzea da".

Gaztetxe eta gazte asanbladek duten erreferentzialtasunean azpimarra jarrita, autokritikaren beharrezkotasuna ere mahaira atera dute talde sinatzaileek: "Zentzu horretan, uste dugu gazte asanbladetako kideok ardura gehigarri bat dugula guregan. Eragin soziala dugun heinean, ezin dugu arduratu soilik guk berehalakoan egiten dugunaz; ez gaude salbuetsita gure jardunaren eraginez sortzen den klima politikoaz, ezin dugu gure burua publikoki zuritu gure eraginaren pean sortzen diren gatazka eta arrisku egoerekin".

ArGAren erantzukizuna

Arrigorriagako gertakariei dagokienean, "militante sozialisten" aurka eman den bazterketa soziala zerrendatu ostean, gertakari "larri" horien erantzukizuna ArGArena dela salatu dute adierazpenean: "Gazte asanbladek ez dugu prozedimendu horiekin bat egiten". "Horrenbestez, ez dugu aitortuko jarrera pertsonalistarik, ez eta bazterketa sozialik ere; ezta informazioa ezkutatzeaz baliatzen diren errelato biktimistarik", gehitu dute.

Sinatzaileek agerian utzi dute, aniztasun ideologikoaren alde eta bazterketa sozialaren aurka gaztetxe eta gazte asanbladek duten jarrera, esperientzia historikoaren emaitza dela: "Gazte asanbladetako kideok sobera ezagutzen ditugu jazarpen poliziala eta espetxeratzeak; errepresio ekonomikoa eta bazterketa soziala. Azken hori gure azalean ezagutzen dugu modu batean edo bestean, eta badakigu zein puntutaraino baldintzatu dezakeen horrek gure bizitza, eta zein erraztasunekin eraikitzen diren egia erdiak, eta gezurrak".

Egungo testuinguruan goranzko joeran aurkitzen den proletalgoaren aldeko ekinbide politikoa defendatzeak dituen zailtasunak ere gogoan izan dituzte, eta horrek bazterketa soziala elikatzeko sortzen dituen aukerei ere egin diote erreferentzia: "Klase ertainaren zentzu komuna ezbaian jarri, gatazkei aurre egin, eta gazteria proletarioarentzat posizioak irabazten dituen gazte asanblada batekin alderatuz -horrek bazterketa sozialerako dakartzan arriskuak kontuan hartuz-, errazagoa da elementu politikoak alboratzea, eta klase ertainaren zentzu komunak onartutako proiektuak abiarazten dituen gazte asanblada bat izatea". ArGAren ekinbidea kokatu dute hor.

Jardunbide politikoak exijitzen duen arduraren inguruko hausnarketak izan dituzte hizpide sinatzaileek, eta gaineratu dute, "arazo politikoei ebazpen organizatiboak eman behar zaizkiela"; "are gehiago, gure mundu ulerkera hedatzea helburu dugunontzat". "Proposamenik gabe hautsak harrotzea arduragabekeria ikaragarria da, eta horrela ulertzen ditugu ArGAren azken mugimenduak", adierazi dute.

Esku hartzea

Azalpen eta hausnarketa guztien emaitza modura, hainbat ondorio zehatz ere atera dituzte mahaira; gaztetxe, gazte asanblada eta kolektibo gisa, Arrigorriagako kasuan bizi den gatazka egoeran esku hartuz. ArGAren jarrera aldaketa bat exijituz, honako ebazpena atera dute argitara sinatzaileek: "Ez diogu Arrigorriagako Gazte Asanbladari gazte asanblada izaera aitortzen eta ez dugu berarekin kontatuko gure jardun politikorako, ondorengo ekinbideak aldatzen ez dituen bitartean:

  1. Militante sozialistak gazte asanbladan onartzea.
  2. Gatazkari ematen ari zaien trataera pertsonalista albo batera uztea, arduraz jokatzea eta herrian zein eskualdean militante sozialistei egiten ari zaien bazterketa sozial guztiari amaiera ematea."


Sinatzaileen zerrenda:

  • Hernaniko Kontrakantxa gaztetxea
  • Zestoako Gaztetxea
  • Azpeitiko Gaztetxea
  • Ordiziko Gaztetxea
  • Goierriko Gaztetxe Koordinadora
  • Zaldibiko Gaztetxea
  • Beasaingo Gaztetxea
  • Aiztondoko Gaztetxea
  • Andoaingo Gaztetxea
  • Legutioko Gaztetxea
  • Laudioko Gaztetxea
  • Bilboko Etxarri II Gaztetxea
  • Abadiñoko Gaztetxea
  • Lizarrako Sugarra gaztetxea
  • Burlatako Gaztetxea
  • Barañaingo Gaztetxea
  • Hondarribiko Gazte Asanblada
  • Tolosako Gazte Asanblada
  • Ibarrako Gazte Asanblada
  • Legazpiko Gazte Asanblada
  • Urretxu-Zumarragako Gazte Asanblada
  • Ormaiztegiko Gazte Asanblada
  • Anoetako Gazte Asanblada
  • Egiako Gazte Asanblada
  • Intxaurrondoko Gazte Asanblada
  • Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanblada
  • Atarrabiako Gazteak
  • Lekeitioko Gazte Asanblada
  • Ondarruko Gazte Asanblada
  • Gernikako Egurre Gazte Asanblada
  • Irungo Erlaitz Gazte Sozialiston Batzarra
  • Azkoitiko Piztu
  • Azpeitiko Krisiaren Seme-Alabak
  • Ordiziko Antolatuai
  • Goierriko Bategin Babes Sarea
  • Zumaiako Iparra
  • Tolosaldeko Antolakuntza Komunala
  • Gasteizko Birjabetze Kolektiboa
  • Gernikako Eztena
  • Berriozarko Talde Antikapitalista
  • Berriozarko Berpizten Gazte Mugimendua


Irakurri adierazpena osorik, hemen