AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Pablo Vinhas
2024/03/23 12:04

Urtarrilaren 12an aurkeztu zuten Ikerketa Sozialisten Institutua (ISI), eta bere lehen ikerketa-lana kaleratu du jada: Euskal Herriko klase sozialen kuantifikaziora hurbilpena. Helburua izan da, "eskura dauden azken datu estatistikoekin, egungo euskal gizartearen geruzen kuantifikazioa" lantzea. ISIren Ikerketa Estrategikoen argitalpen-ildoko aurreneko lana da honakoa.

Ikerketak eskainitako datuen arabera, Hego Euskal Herriko biztanleriaren %55,71 proletarioa da, %41,65 langile-aristokraziaren parte da eta %2,64 kapitalista. Hau da, euskal gizartearen alderdirik handiena proletalgoa da, eta ehuneko 14  puntu baino gehiagoko aldea ateratzen dio langile-aristokraziari.

Hego Euskal Herriko biztanleriaren %55,71 proletarioa da, %41,65 langile-aristokraziaren parte da eta %2,64 kapitalista

Langileen goi-geruza horri dagokionez, zein egitura duen ere aztertzen du ikerketak. Finantza- edota higiezin-aktiboen jabe direnak biztanleria osoaren %9,97 dira, negozio txikiren bat dutenak edo autonomoak direnak %1,40, pentsionistak %7,70, eta gazteak edo ikasleak direnak %1,45. Geruza horretako talderik handiena, baina, euren lan-indarraren baliotik gorako sarrerak dituzten soldatapeko langileena da (%21,13).

Lanaren egitura

Ikerketak lan-egituraren bilakaera ere aztertzen du, 2007-2023 artean. Urte horietan, Hego Euskal Herrian zegoen kooperatibista kopurua erdia baino gutxiagora murriztu da (%2,50etik %1,07ra), autonomoen kopurua heren bat murriztu da (%11,61etik %8,38ra) eta etxeko lanengatik soldatapeko lanik gabe zeudenen kopurua ere ia erdira murriztu da (%30,59tik %17,30era).

Handitu diren lanbide bakarrak sektore publikoari loturikoak izan dira: lanpostu finkoa dutenak ia heren bat gehiago dira, bai eta aldi baterako lanpostua dutenak ere

Kopuruari dagokionez handitu diren lanbide bakarrak sektore publikoari loturikoak izan dira: lanpostu finkoa dutenak ia heren bat gehiago dira (%13,33tik %17,49ra igo da ehunekoa), bai eta aldi baterako lanpostua dutenak (langile publikoen gehiengoa, alegia) ere (%33,04tik %43,36ra egin du gora proportzioak).

2007tik gehien hazi den taldea, bestalde, iraupen luzeko langabeena da; hau da, lan bila egon arren, bi urte baino gehiagoz langabezian dirautenena. Mota horretako langabeen kopurua %98,29 hazi da; hortaz, bikoiztu egin da kopurua (%14,07tik %27,91ra igo da).

Gehien hazi den taldea [...] iraupen luzeko langabeena da; hau da, lan bila egon arren, bi urte baino gehiagoz langabezian dirautenena
EZ DAGO IRUZKINIK