AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / David Velasco/elDiario.es-en bidez
2025/09/16 09:07

Eusko Jaurlaritzak 2022tik dauka kontratatuta Israelgo Estatuko enpresa bat, Attenti Electronic Monitoring, baldintzapeko askatasunean dauden pertsonak telematikoki kontrolatzeko. Gobernuak 2022an kontratatu zuen konpainia sionista, eta lotura mantentzearen alde egin du berriki: abuztuaren amaieran luzatu zuen kontratua, 2026ko abuztuaren 31ra arte. 

Attenti Electronic Monitoringen teknologiak aukera ematen dio Jaurlaritzari presoak kontrolatzeko, eta ez soilik etengabeko geolokalizazioaren bidez: urrutitik, hainbat substantzia atzemateko kontrolak egin ditzake, besteak beste. elDiario.es-ek jakinarazi duenez, aurten sinatutako kontratuaren bidez, Israelgo enpresak beste 780.000 euro jasoko ditu urtebetean Jaurlaritzako Justizia eta Giza-Eskubideen arlotik. 

Jaurlaritzarekiko harremanaren abiapuntua 2018koa da, espetxe guztiak (Kataluniakoak izan ezik) Espainiako Gobernuaren eskumenekoak zirenean, Attenti Electronic Monitoringi esleitu baitzioten presoen kontrol telematikoa. Dena den, 2021ean kartzelak Jaurlaritzaren eskumenekoak bihurtu zirenean, enpresa horrekin mantendu zuen lotura EAEko gobernuak. 2022ko apirilean formalizatu zuen harremana konpainia sionistarekin, eta indarrean jarraitzen du.

Iragan abuztuaren 31n, EAEko 30 presok zeramatzaten enpresa horrek sortutako kontrol-gailuak. Eskumuturrekoak edo orkatilakoak izaten dira, eta aukera ematen dute, adibidez, kontrolatzen ari diren pertsonen izerdiaren laginak hartzeko.

Gaur egun, AEBetako Allied Universal taldearen parte da Attenti Electronic Monitoring. Tel Aviven dauka egoitza nagusia, eta bertatik iristen dira fakturak Jaurlaritzaren eskuetara, elDiario.es-en esanetan.

EZ DAGO IRUZKINIK