AKTUALITATEA / Autoritarismoa

Espazio publikoetan ekimenak baimentzeko baldintzak zorroztuko ditu Bilboko Udalak

Maiatzean Siriaren Aldeko Euskal Herriko Elkarteak egindako hitzaldi bat seinalatu du neurri autoritarioa iragartzeko: antza denez, kolektiboei "aurretiazko informazioa" eskatzeko "mekanismoak" gogortuko ditu EAJren udalak.
2026eko urriaren 15 - 09:43
Espazio publikoetan ekimenak baimentzeko baldintzak zorroztuko ditu Bilboko Udalak

Espazio publikoetan ekimenak egin ahal izateko baldintzak zorroztuko ditu Bilboko Udalak (EAJ), El Correo-k jaso duenez. Euskara, Arreta eta Herritarren Parte Hartze zinegotzi Eider Inuntziagaren esanetan, ekitaldietarako baimenak tramitatzean eskatzen den "aurretiazko informazioa" eskuratzeko "mekanismoak" gogortuko ditu udalak, nahiz eta ez duen zehaztapenik egin. 

Siriaren Aldeko Euskal Herriko Elkarteak egindako hitzaldi bat hartu du aitzakiatzat udalak neurri autoritarioa iragartzeko, aipatutako egunkariak ulertzera eman duenez. Hain zuzen, kolektibo horrek maiatzaren 29rako Bilboko La Bolsan antolatu zuen hitzaldia aipatzen da El Correo-n, seinalatuz "Iranek Espainian duen enbaxadore" Reza Zabibek parte hartu zuela maiatzeko solasaldian eta "ikurrina, Irango bandera, Palestinakoa eta Libanokoa" erakutsi zirela. Antza denez, PPk salatu du ekitaldian "Hezbollahren" eta "hutien" aldeko aldarriak atera zirela.

PPren salaketaren harira, EAJren udalak defendatu du ez zeukala hitzaldian erakutsiko ziren ikurren berri. Hala ere, ekimenaren kriminalizazioarekin bat eginez, adierazi du gerora hitzaldiaren inguruko bideoa ikustean ebatzi zuela "mezu ageriki desegokiak" ikusi zirela aretoan. Horren ostean erabaki omen du kolektibo sozial eta politikoei exijitutako baldintzak gogortzea, espazio publikoak erabiltzeko baimena eskatzen dutenean.