AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne Ministroa.
2022/11/22 10:00

Fernando Grande-Marlaskak harro erantzun zion iragan astean Unión del Pueblo Navarroko (UPN) senatari batek egindako akusazioari, alderaketa argi baten bidez: 2018an, Alderdi Popularra Espainiako Gobernuan zela, preso politikoei egindako 38 ongietorri izan ziren Euskal Herrian, baina aurten, 2022an, bakar bat izan da oraingoz. Preso politikoei egindako harrera publikoekin "epelkeriaz jardutea" leporatzen zion senatariak, eta Marlaskak ikusarazi zuenez, PSOEren eta Unidas Podemosen agintaldian are gogorrago jo dute askatasun politiko horren aurka.

"Lanean jarraitzen dutela" ere iragarri zuen ministroak, preso politikoek ongietorririk izan ez dezaten. Marlaskak ohartarazi zuenez, "Zuzenbide Estatuak jasan ezin duen irain bat da mota horretako gertakari bakoitza". Esan eta egin. Espainiako Auzitegi Nazionalak hemezortzi lagun auzipetu ditu berriki, joan den martxoan Ibai Aginaga preso politikoari Berangon (Bizkaia) egin zioten harrera-ekitaldiaren harira. Hiru lagun abuztuan igaro ziren epailearen aurretik, eta iragan astean beste hamabostek deklaratu behar izan zuten.

Ezker Abertzaleak iaz egin zion uko preso politikoei harrerak egiteari, halako ekimenak publikoki baztertuz. Are: egin izan diren azken ongietorrietatik publikoki desmarkatu da Ezker Abertzalea, esaterako, Ibai Aginagari Berangon edo Iñaki Etxebarriari Iruñean (Nafarroa) harrerak egitean. Sortu alderdiak, zehazki, iazko urrian adierazi zuen "bere esku" zegoen guztia egingo zuela preso politikoek ongietorririk izan ez zezaten.

Hainbat elkartek, komunikabideek, zuzenbide burgesak eta instituzio publiko burgesek, bestalde, jarraitu dute presioa egiten askatasun horren kontra. Eusko Legebiltzarrak, adibidez, iaz egin zuen ekitaldi mota horren aurka, eta ongietorriak are gogorrago zigortzeko asmoaren berri eman zuen iaz Espainiako Gobernuak. Zenbait erakundek behin eta berriz eskatu dute harrera horiek galarazteko; iaz, euskal preso politikoak "idealizatzen dituzten edo haien sinbologia islatzen duten" ekitaldiak edo mezuak eragozteko eskari bat egin zuten Gogoan elkarteak, Elkarbizik eta Fernando Buesa Fundazioak.

EZ DAGO IRUZKINIK