Donald Tusk Poloniako lehen ministroak aurreko ostiralean aurkeztu zuen herrialdeko gizon heldu guztiei entrenamendu militarra masiboki eskaintzeko plan bat, Indar Armatuetako soldadu kopurua milioi erdiraino handitzeko helburuarekin. Tusken arabera, urtearen amaierarako prest egongo da programa, eta Poloniako Armadan jardunean ez dauden poloniarrak "eskubide osoko" soldadu gisa trebatu ahal izatea ahalbidetuko du. Planak borrokalarien "erreserba" bat sortzea du helburu, gerrarako "mehatxu posibleak" direla uste baitute. Tuskek ez du argitu neurriak derrigorrezko soldadutzara itzultzea ekarriko duen ala ez, baina ekimena "suitzarra bezalako ereduetan" oinarrituko litzatekeela nabarmendu du, armadan "izena ematea sustatzeko pizgarriekin".
Indar Armatuetan emakumeak sartzea ere aurreikusten du gobernuak, baina gudu-zelaian eskatzen diren baldintza fisikoei erreferentzia eginez, aldarrikatu du gerra "eremu maskulinoa" dela "oraindik ere". Hala ere, emakumeak ez dituztela baztertuko ziurtatu du Tuskek, Ukrainakoa bezalako adibideak aipatuz, "borroka-frontean berebiziko garrantzia izan baitute". Gainera, lehen ministroaren esanetan, aukera dago Poloniak Ottawako Konbentziotik eta Dublingo Konbentziotik alde egiteko, "defentsarako gaitasuna indartzeko". Bi konferentzia horiek murriztu egiten dute, nolabait, zenbait armaren erabilera.
Parlamentuan egindako agerraldian, Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidentearen proposamena onartzeko prest agertu da Tusk, Frantziako Errepublikaren ahalmen nuklearra "Europako aliatuen defentsan" erabiltzeko. Poloniak, 60ko hamarkadaz geroztik Ez Ugaltze Nuklearraren Itunaren sinatzailea denak, arma ez-konbentzionaletan dituen gaitasunak handitzea bilatuko luke, nahiz eta Tuskek nabarmendu duen hori ez dela "arma-lasterketa gisa interpretatu behar, herrialdearentzako segurtasun-neurri gisa baizik".