AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/20 14:32

Francisco Javier Nuñezek 1977ko maiatzaren 17an jo zuen Bilboko (Bizkaia) epaitegira, maiatzaren 15ean polizia-agente batzuek eman zioten jipoia salatzeko. Amnistiaren Aldeko Astearen barruan gertatu zen, Indautxun: Bilbon izandako mobilizazio batean manifestarien aurka oldartu zen Polizia Armatua, eta kalean zegoen Nuñez kargak jazo zirenean, 3 urteko alabarekin. Bi egun beranduago, epaitegira joan eta salaketa bat aurkeztu zuen, polizia-indarren partetik jasandako jipoia zela-eta.

Epaitegitik atera zenean, kalez jantzitako bi polizia zituen zain irteeran. Itxura denez, bera jipoitu zuten agenteak ziren, eta epaitegiak berak eman zien abisua, Nuñezek salaketa jartzean. Bahitu egin zuten eta furgoneta batera igotzera behartu zuten agenteek, gero, bera torturatzeko. Beste jipoi bat eman zioten, eta inbutu bat jarri zioten ahoan: pistola batekin mehatxu eginez, koñak botila bat eta errizino-olio botila bat edatera derrigortu zuten.

Nuñez ospitaleratu zutenerako, leher eginda zituen barrena, esofagoa eta gibela. Hamahiru egun luze igaro zituen ospitalean, baina, azkenean, maiatzaren 30ean hil zen, poliziek egindako torturen ondorioz. 38 urte zituen. Horren ostean, biktimaren etxera bertaratu zen Polizia: dirua eskaini zion bere bikotekideari, isilik egotearen truke, eta mehatxu egin zion. Berak ez zuen xantaia onartu. Handik aurrera, telefono-deiak ere jaso zituzten etxean, irainekin besteak beste.

Nuñezen erailketa erabat zigorgabe geratu zen, baina hildakoaren senideek denbora luzez egin zuten borroka bere memoriaren eta aitortzaren alde. Dena den, Eusko Jaurlaritzak 35 urte behar izan zituen matematikako irakaslea indarkeria polizialaren biktima gisa aitortzeko, 2012ra arte ez baitzuen egin.

Amnistiaren Aldeko Bigarren Aste horretan, 1977ko maiatzean, zazpi pertsona erail zituen Poliziak Euskal Herrian.

EZ DAGO IRUZKINIK