AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
GKSk aurtengo urtarrilaren 28an egindako mobilizazioetako bat.
2023/10/13 10:12

Politikarekiko interesa geroz eta handiagoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen artean, Eusko Jaurlaritzaren 2022ko Gazteen Argazkiak txostenak ziurtatzen duenez. Gaztediaren Euskal Behatokiak egin zuen ikerketa iaz, 18 eta 29 urte arteko 433 gazte elkarrizketatuta, eta %95,5eko fidagarritasun estatistikoarekin. Emaitzak perspektiba historiko zabalagoan jarrita, ondokoa ikus daiteke: 2010ean, politikarekiko "interes nahikoa edo handia" zuten gazteen ehunekoa %16koa zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen artean, eta 2022an, berriz, %35ekoa. Hau da, gazteen artean, politikarekiko interesa %19 igo da azken hamabi urteetan.

Interes maila handitu bada ere, "interes gutxi edo bat ere ez" dutenak %65 dira, hau da, oraindik ere, gazteen gehiengoak ez du politikarekiko interes askorik erakusten. Lurraldeari dagokionez, hiru herrialdeen arteko datuak berdintsuak dira, nahiz eta bizkaitarrak izan interes gehien erakutsi dutenak (%38), arabar eta gipuzkoarren aldean (%32).

GazteenĀ  %11k "ezker muturrean" kokatzen dute beren burua

Interesez ez ezik, kokapen politikoaz ere galdetzen zaie hiru lurralde horietako gazteei: %52k zentro-ezkerretik ezker muturrerantz doan tartean kokatzen du bere burua, %28 dira zentroan kokatzen direnak, eta %17 zentro-eskuinetik eskuin muturrerainoko tartean. Oro har, ikus daiteke gazte gehienak "ezkerreko" gisa identifikatzen direla ,eta oso gutxi direla eskuinarekin bat egiten dutenak. Gainera, gazteenĀ  %11k "ezker muturrean" kokatzen dute beren burua. "Eskuin muturrarekin" identifikatzen direnak, ordea, %2 dira. Bestalde, ezkerrerantzago kokatu ohi direnen profila ondokoa da: emakumeak, 25 urtetik beherakoak, eta bizkaitarrak edo gipuzkoarrak.

Espainiako demokraziaren balorazioa

Espainiako Estatuko "demokraziaren funtzionamenduari" buruz galdetzean, soilik gazteen %24k erantzun dute gustura daudela gaur egungo egoerarekin. Beste modu batera esanda, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen %76 ez dira guztiz edo inolaz ere pozik ageri Espainiako Estatuko "demokraziaren funtzionamenduarekin".

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen %76 ez dira guztiz edo inolaz ere pozik ageri Espainiako Estatuko "demokraziaren funtzionamenduarekin"

Gizonezkoek emakumezkoek baino apur bat hobeto baloratzen dute Espainiako Estatuko konstituzio-erregimena. Modu berean, adinari erreparatuz gero, 18-24 urte artekoek 25-29 urte artekoek baino balorazio hobea egiten dute. Lurraldekako erantzunak ikusita, arabarrak dira baloraziorik onena egiten dutenak, %29k "oso edo nahiko pozik" daudela aitortzen baitute. Bizkaitarren %24k eman zuten erantzun hori, eta gipuzkoarren %20k. Azken urteetako bilakaera begiratzen badugu, 2017an %31 ziren Espainiako Estatuko "demokraziarekin" gustura zeuden gazteak, eta galdetu den azken urtean, 2022an, %24 ziren.

Alderdi politiko parlamentarioak

Alderdi politiko parlamentarioei dagokienez, gazteen %70 "oso edo nahiko urrun" sentitzen dira alderdi horiengandik. "Nahiko edo oso gertu" sentitzen direnak %11 baino ez dira. 30 urte edo gehiagoko pertsonen artean, berriz, zertxobait handiagoa da alderdi parlamentarioren batengandik "oso edo nahiko hurbil" sentitzen direnen ehunekoa, %16.

Gazteen %70 "oso edo nahiko urrun" sentitzen dira alderdi horiengandik

EZ DAGO IRUZKINIK