Bi enpresaburu atxilotu dituzte Bilbon (Bizkaia), arropa josteko lantegi batean, gutxienez bost pertsona migratzaile legez kontra esplotatzeagatik. Ametzola auzoan dago lantokia, eta polizia-operazioa egitean sei langile zeuden bertan; horietako bostek ez daukate bizileku- eta lan-baimenik. Hortaz, baimenik gabeko beharginak lanean izatea eta Gizarte Segurantzari iruzur egitea da enpresaburuei leporatu dietena.
Langileek azaldu dutenez, lan-baldintza negargarrietan jardun dute arropa josteko lantegian. Asteko zazpi egunetan aritzera behartzen zituzten, jaiegunik gabe, eta bederatzi orduko lanaldiekin (07:00-16:00). Soldatak, gainera, miserableak ziren: 200 euro hilean.
Azken asteetan, pertsona migratzaileak esplotatzeko zenbait sare atzeman dituzte Euskal Herrian; zehazki, Arabako Errioxan eta Vianan (Nafarroa). Errioxan eta Badajozen ere aritzen zen azken sare hori.